Trento

Atzo Trentoko alde zaharrera joan nintzen. Trento erromatar garaitik izan da haraneko hiri garrantzitsua eta hainbat belaunaldiren aztarnak ikusi ahal izan nituen. Orain hiri modernoa da, smart citya hain zuzen ere, eta horrek mugikortasun ezin hobea eta beste abantaila batzuk badakartza ere, food marketak eta plaza nagusiko Smart City Weekeko etxolak ere badakartza. Eskerrak hiriak paseatzeko kale lasai asko dituen, baita arropa dendaz betetako merkataritza-kaleak ere.

Hiriaren erdigunea Piazza Duomo da. Alde batean San Vigilioren omenezko katerala du, Duomoa, eta beste aldeetan kolorez beteriko etxeak. Erdian Neptunori eskainitako iturria du, Neptunoren hiruhortzetik, tridentum, baitatorkio izena Trentori. Etxeen arkupeetan hainbat jatetxe dago, asteburu hau horietaz gozatzeko egokiena ez bazen ere, plazan Smart City Weeka ospatzen ari baitziren.

Trentoko Duomoa eta Neptunoren iturria

Trentoko Duomoa eta Neptunoren iturria

Duomo plazatik iparraldera jarraituta Trentoren beste erdigunea dago, Piazza Dante. Plaza bat baino, parke bat da hau, laku eta guzti eta bere inguruan tren eta autobus geltokiak eta turismo bulegoa daude. Larunbatetan nekazal produktuen merkatu txiki bat dago eta bertan inguruetako produktuak eros daitezke. Esan behar da Trento hirigunetik atera eta batera soroak eta landutako lursailak direla nagusi; alde batetik mahastiak daude, bertako ardo produkzioaren oinarri; baina bestetik ere sagarrak, tomateak eta piperrak ikus daitezke etxeetako baratzeetan.

Trento oso ondo komunikatuta dago, bai Italia iparraldeko hiri nagusiekin, bai Austria eta Alemaniako hiri askorekin ere; azken finean, erromatar garaitik mugimendu askoko ingurua izan da bailara. Gaur egun ere etengabe sartu eta irteten diren autobus eta trenek, gauza bera erakusten digute.

Alde zaharreko kaleez aparte Trentok zerbait ikusgarria badu, hura Buonconsiglio gaztelua da. XII. mendean hasi ziren eraikitzen eta hiriko apezpiku-printzeen egoitza izan zen. Kontzilioa egin bitartean ere (1545), hainbat kardenal gazteluan egon ziren. Napoleonen garaitik, ordea, erabilera militarra hartu zuen eta hiritik pasatu diren ejertzito eta inperioek ondo aprobetxatu izan dute gaztelutik ikusten den hiriaren bista.

Buonconsiglio gazteluaren sarrera nagusia.

Buonconsiglio gazteluaren sarrera nagusia.

Gaur egun gaztelua bisita daiteke eta XII. mendetik XVII. menderako arkitekturaz gozatzeaz aparte, erakusketak ere ikus daitezke. 10 € balio du sarrerak, aukeran gehiegi, baina hiriko atrakzio nagusia izanik, batek baino gehiago bisitatu nahi izango du.

Largo Carducci inguruko kaleetan diseinatzaile dendak, mendiko arropa dendak eta tabernak nahasten dira poltsan dirua dutenen gozamenerako. Oso kale alaiak dira eta bertakoak eta turistak elkarrekin gurutzatzen dira adokinen gainean. Inguruan ere, Mussoliniren aginduz egindako demolizio batean agertu zen hiri erromatarraren zati bat ikus daiteke. Mosaikoak, komunak, estolderia… eta zapaldu daitekeen galtzada.

Trentoko kale bat: etxe pintatuak eta adokinak.

Trentoko kale bat: etxe pintatuak eta adokinak.

Oso hiri lasaia dela esaten dute eta nik ere horren antza hartu diot. Horrek ez du esan nahi aspergarria denik, bai hirian bai inguruetan ekintza asko egiteko aukera baitago. Hirian bertan MUSE zientzia museoa dago (umeentzat eta euria egiten duenerako ederra) eta Funivia deitutako teleferikoan Sardagnako begiralekura igo daiteke. Teleferiko hori Adige errekaren gainetik pasatzen da eta hiriaren zein inguruko mendien ikuspegi paregabea eskaintzen du.

Trento Sardagnatik

Trento Sardagnatik

Kirolarientzat Trentotik pasatzen den bizikletentzako bide luzea dago, Austriako mugan hasi eta Veronaraino ia. Erreka ondotik doa eta ondo seinaleztatua dago. Gauzarik onena, ordea, Bici Grill deitutako tabernak dira; 10-15 kmro bide ertzean dauden terrazadun tabernak. Beti daude txirrindulariz beteta eta oso giro atsegina egoten da. Neguko kiroletarako ere oso egokia da Trento Dolomitetan baitago, baina hori probatzeko itxaron beharko dut!

No Responses

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu