La Spezia, Cinque Terre eta Liguriako kosta

La Spezia

Autobusetik jaitsi eta izutzen bazarete ere, ez larritu, hasi oinez eta topatuko duzu merezi duen Spezia. Gaur egun merkantzia-portuaren inguruan bizi den hiria bada ere, badu lehenaldiko xarma oraindik, baita kirol-portu ederra ere. Ikusten da ekonomiaren aldetik momentu hobeak bizi izan dituela denda asko itxita baitago, baina erdiguneak oraindik bizirik dirau eta jendearen joan-etorri biziak asko animatzen ditu kaleak eta merkatuak.

La Spezia portutik

La Spezia portutik

Historiaren ikuspegitik, badu gaztelu bat (egon nintzenean itxita bazegoen ere) eta Italiako itsas-armadaren egoitza izan da urte askoan eta horregatik almirantegoa, arsenala (orain itsas-armadaren museoa) eta abar ditu. Dena den, deigarriena ziurrenik kirol-portuaren ondoko lorategia da, handia eta palmondoz betea. Kirol-portuaz ahaztu gabe, noski! Hangoak baino yate handiagorik gutxitan ikusi ditut nik.

La Spezia hiria da eta hiria izanik zerbitzu guztiak ditu. Lo egiteko nik Grand Hostel Manin aukeratu nuen, erdiguneko merkeena eta, antza, 2016ko uztailean zabaldua. Oso leku atsegina.

Cinque Terre

Cinque Terre, Italiako Bortziriak, parke natural baten barruan dauden bost herriz osatuta dago. Herriak itsasoaren ondoan daude eta mahastiz inguratuta. Bai, hango ardoak txakolinaren zaporea du, dultzeagoa agian, baina estilokoa.

Cinque Terrera bi plan egitera joan daiteke, bata herriz herriko turismoa herritik herrira trenez mugituz (ordu erdiro dago trena), edo trekkinga. Oso ondo markatutako eta zaindutako bideak daude parkean eta plazera da mahasti eta olibondo artean ibiltzea. Kostatik Sentiero Azzurro (bidexka urdina) doa, guztietan errazena, baina ordaintzekoa (09.00 eta 17.00ak bitartean) eta bistarik kaskarrenak dituena. Beraz, nire gomendioa, zalantzarik gabe, goiko bideetatik ibiltzea da; ez dira bat ere zailak, aldapatsuak badira ere, eta bistak askoz ere hobeak dira (eta ez dago inor sarrera kontrolatzen, beraz, doan dira).

Corniglia mahastien bidetik

Corniglia mahastien bidetik

Jarraian aurkeztutako herriez gain, beste etxalde batzuk ere daude bidean, baita eliza, baseliza eta santutegiak ere. Ibiliaren ibiliaz denak ikusteko aukera dago, lasai.

Riomaggiore

Riomaggiore ez nuen ikusi aurretik zazpi orduko ibilaldia (eta argi ordu gutxi) nuela esan zidatelako. Gero ez ziren ezta 4 ordu izan eta Riomaggiore ikusi ahal izango nuen. Gaztelu bat du eta besteek bezala, kolorezko etxeak. Baina ezin dut gehiago esan, Google Mapsekoa baino ezagutzen ez dudalako.

Manarola

Riomaggioretik ordu betera dago Manarola herri txikia. Portura jaisten den kale baten inguruan antolatua dago. Besteek ez duten gauza bat badu, ordea: jaiotza erraldoia. Mendiaren horma ia bertikal batean Gabonetan pizten diren irudiz egindako jaiotza dute.

Manarola portutik

Manarola portutik

Corniglia

Besteak ez bezala, Corniglia ez da portura doan kale baten inguruan eraiki, itsasoan sartzen den adar baten gainean baino. Hortik datorkio antza izena. Herri txiki-txikia da, hau bai hau, kale bakarrekoa. Baina xarma handikoa. Uste dut jendea espresuki joaten dela Cornigliara ilunabarra ikustera. Eta eguzkia sartzean txalo egiten du… hain da polita… 200 eskailera jaisteko arazorik ez dutenentzat harrizko “hondartza” txiki bat ere dago, ur garden-gardenduna.

Ilunabarra Corniglian

Ilunabarra Corniglian

Corniglia leku egokia da oinez ibiliz gero, lo egiteko, parkearen erdian baitago. Nik Ostello di Corniglian egin nuen lo (oso ostatu atsegina eta herriaren erdi-erdian), baina Cinque Terre osoa hotel txikiz eta bed&breadfastez beterik dago.

Vernazza

Vernazza ez dakit herririk politena den, baina portuak duen zabalgune hori oso atsegina da. Beheko argazkian ikusten da punta horretan gaztelua duela, baina ez saiatu 10.30ak baino lehenago hara heltzen; itxita dago. Kolorezko etxeak ditu honek ere, baina portua eta txalupak dira desberdintasuna markatzen dutenak.

Vernazza Sentiero Azzurrotik

Vernazza Sentiero Azzurrotik

Monterosso

Riomaggioreri gertatzen zaion moduan, muturreko herria da eta horregatik turista gehiago du, jendea hemen jaisten baita trenetik. Riomaggiorek kale bat ez, bi ditu, dendaz beteak eta hondartza txiki batean amaitzen dira. Hondartzatik Iparraldera jarraituta, gainera, paseo bat dago eta beste “auzo” batera heltzen zara, baina ez da historikoa. Herria oso polita da, baina turista asko aurkitzea ere espero behar da.

Monterosso

Monterosso

Beste herri batzuk

Liguriako kostan herririk ezagunenak Cinque Terrekoak badira ere, badira beste altxor batzuk. Nik ez nuen joateko denborarik izan, baina Portovenere ederra omen da. Hori diote denek eta hori iruditu zait Google Mapsen. Autobusez, oinez edo ferryz joan daiteke Portovenerera eta kolorezko etxeez gain, penintsula txiki baten gainean gaztelu bat du. Eta Mediterraneo itsaso urdina inguruan.

Levanto ez da hain liluragarria, baina historia du: Erlojuaren dorrea, Sant’Andrea eliza, Erdi Aroko harresia eta Loggia. Lo egiteko ere edifizio historikoa den Ospitalia del mare ostatua dago. Via Dante denda txikiz beteta dago eta erdigunean taberna asko dagoenez, jende asko ibiltzen da. Hori bai, jatetxeak ez dira merkeak. Nik espero nuen Cinque Terre kanpoko herria izanik merkea izango zela, baina ez. Liguriako kostako herriek ez duten beste gauza bat ere badu, arrazoizko tamainako hondartza. Surf eskola ere badago herrian, nik ordea ez nuen olaturik ikusi, egongo al dira olatuak?

Via Danteko denda bat

Via Danteko denda bat

Levantotik 2 kilometrora Bonassola dago, are hondartza handiagoa duena. Levanto eta Framura arteko trenbide zaharra bidegorri bihurtu dute eta oso atsegina da hortik paseatzea. 20 minutuan heltzen da Bonassolara Levantotik eta ordubete baino gutxiago behar da Framurara heltzeko.

Azken aholkuak

  1. Ezin zarete Liguriako kostatik farinata eta pesto genovese probatu gabe joan. Arraina jateko aukera handia ere badago, aprobetxatu!
  2. Trena garestia da Cinque Terren, 4 euro bidaia bakoitzeko 2 minutuko bidaia bada ere. Egun osoko txartelak ere eros daitezke, ordea.
  3. Ostatua ere ez da merkea, ez saiatu.
  4. Menditik ibili eta ez erosi Cinque Terre Pass-ik, ez du merezi.
  5. Atera baino lehen, kontsultatu parkeko bideak zabalik dauden hemen.
No Responses

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu