Bassano del Grappa

Bassano del Grappa, Trentotik hurbil badago ere, ez dago Trentinon, Vicenzan dago. Eta bai, ezer baino lehen, bai, Grappa bailarak eta grappa pattarrak zerikusia dute. Bailaran mahasti asko dago eta hortik ateratzen dituzte ardoa eta pattarra. Interes enologikoaz gain interes kulturala ere badu Bassano del Grappak, ordea, eta horren adibiderik nabarmenena da Brenta ibaiaren gainetik pasatzen den Alpinoen Zubia edo Zubi Zaharra.

Alpinoen zubiak benetan harritu ninduen, guztiz egurrezkoa da, estalia, eta espero baino zabalagoa; 7 metroko zabalera izango du gutxienez. Imajina dezaket zubi horretatik bi gurdi batera pasa zitezkeela eta hori ez da gauza makala.

Bassano del Grappa: Alpinoen zubia, alde zaharra eta Brenta ibaia

Bassano del Grappa: Alpinoen zubia, alde zaharra eta Brenta ibaia

Herria bera ere oso polita da. X. mendeko komentu-gaztelua du eta antza hortik sortu zen Erdi Aroko Bassano. Alde zahar osoa harresitua dago oraindik ere eta oso ondo zainduta daude harresiak. Tren geltokitik erdialdera hurbiltzean benetan leku gotor batera hurbiltzen ari zarela ematen du.

Harresi barrura sartuta arkupedun kaleak aurki ditzakegu, dendaz beteak, baita eliza bat baino gehiago ere. Ausartuko nintzateke esatera Bassano hiri aberats eta garrantzitsua izan zela antzina. Veneziarren mende egon zen hegodun lehoiek adierazten dutenez, eta zalantzarik ez dago veneziarren komertziorako gaitasunaz! Gaur egun museoak ere badaude Bassanon eta horien bidez hobeto ezagut dezakegu hiriaren historia.

Arratsalde pasa ederra egin nuen Bassanon eguraldi txar baino txarragoa tokatu bazitzaidan ere. Eguraldi hobea egin izan balu, ziur nago harresietatik kanpoko parke eta lorategiak askoz ere gehiago gozatuko nituzkeela.

Bassanora Trento eta Veneziatik hel daiteke trenez, Trentotik 2 ordu behar badira ere. Nahiko ondo komunikatua dago, egia esan. Taberna eta jatetxe ugari ere badago eta uste dut hotel txikiren bat ere ikusi nuela. Nik, ordea, ostera labur bat egiteko lekutzat dut Italiako txoko txiki eta xarmant hau.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu