Venezia

Jon Martinek esango lukeen moduan Venezia marabilla bat da. Bigarrenez izan nintzen La Serenissiman asteburuan eta bigarrenez maitemindu nau. Eta ez naiz ni erraz maitemintzen den horietakoa. Leku turistikoak eta ez-turistikoak ikusi ditut, kale estuetatik galdu naiz eta itsasoaren usaina sentitu dut (eta ez, Veneziak ez du txarto usaintzen).

Leku turistikoak

Nonbaitetik hasi behar eta lekurik ezagunenetatik egingo dut, altxor txikiak amaierarako uzteko (hala artikulua irakurtzera behartuko zaituztet). Eta leku turistikoetan turistikoena S. Marco plaza da ziurrenik. Duomoa, campanilea, dukearen palazioa, turistak, selfie-makil saltzaileak, usoak eta kai txoriak. Ez dakit hegodun ezerk nola ez zidan gainean kakarik egin.

S. Marcora, elizara, doan sar daiteke, baina beste extra guztiak: altxorra, zaldien balkoia… aparte ordaintzen dira. Dena den, basilika bera ikustea ikusgarria da, bai barrutik bai kanpotik. Kanpotik dituen kolore guztiengatik eta ate gaineko lau zaldiengatik; barrutik urrearen eta irudiengatik. Ezin da barruan argazkirik atera eta motxilak S. Basso kaleko gordailuan utzi behar dira (doan da hau ere eta motxilaren pisutik ordubetez askatzen zaituzte). Ni oso low costa naiz eta ez ditut ordaintzeko zatiak ikusi, baina horiei buruz (eta beste edozerri buruz) iruzkinetan zuen iritzia uztera gonbidatzen zaituztet.

Veneziako S. Marco

Veneziako S. Marco

Plazan erloju xelebre bat, Prokura Zahar eta Berria eta oso denda eta taberna garestiak daude. Zorionez, Italian espressoaren prezioa legez mugatua dago eta ezta S. Marcoko arkupeetan ezin dute hori baino gehiago kobratu. Hori bai, espressoa izan behar da eta barran eta zutik edan behar da; ez dute lotsarik izango terrazan hartzeagatik 8 euroko gainkostua jartzeko. Hau italiarrek baino ez dute jakiten, orain zuek ere badakizue.

Nik uste 2010ean doan sartu nintzela Palazzo Ducalera (nire lagun Gorkak zekien txantxullo batekin agian?), baina oraingoan ordaintzekoa zen (?) eta ez nintzen sartu. Bidaia honetan, ordea, aurrekoan ikusi ez nuen gauza bat ikusi nuen: il Ponte dei Sospiri. Aurrekoan obretan zegoen eta bere irudia zuen oihal batekin konformatu behar izan nuen. Baina oraingoan, bai, oraingoan ikusi dut. Txiki-txikia da, baina oso berezia.

Ponte dei Sospiri, Palazzo Ducale eta gondolak

Ponte dei Sospiri, Palazzo Ducale eta gondolak

Ikusi behar den beste zubia Rialtokoa da, Kanal Handiaren gainetik pasatzen den zubi zuria. Jendez beteta dago eta ez da harritzekoa, bistak liluragarriak baitira. Bai zubian, bai inguruetan Muranoko kristalezko bitxiak erosteko denda ugari daude, guzti-guztiak Muranokoak direla zalantzan jartzen badut ere.

Rialtoko zubia Kanal Handiaren gainean

Rialtoko zubia Kanal Handiaren gainean

Murano eta Burano

Murano eta Burano dira Veneziaz aparte irlarik ezagunenak. Lehena beirazko produktuengatik da ezaguna, bigarrena arrantzaleen etxe koloretsuengatik. Murano polita da, baina ez du askorik ikusteko. Burano oso oso polita da, baina oso txikia. Bat ikustekotan Burano gomendatzen dizuet, zalantzarik gabe, ikusteko ordu erdiarekin nahikoa bada ere. Nik nahiko goiz bisitatu nituen eta muranotarrak eta buranotarrak euren saltsan ikusi ahal izan nituen. Gauza kuriosoena: kamioirik ez dagoenez, frutak eta ortuariak txalupetatik saltzen dituztela.

Burano

Buranoko etxe koloretsuak

Murano eta Burano 7,50 €ren truke:

Galdetuko duzue “baina nola da posible bi irlak prezio horretan ikustea?”. Ba kasualitatez deskubritu nuen truko batekin. Gainera, derrigor ikusi behar dira biak, bestela ez da ateratzen. Hori bai, ez da guztiz legala, baina ez dut uste arriskutsua denik ere ez.

Bada, Fondamenta Novetik Muranorako ferrya hartu behar da. Agian hobe hor erostea bidaia-txartela eta harrapatuz gero, turista zozoarena egiteak salbatuko zaituzte, agian. Kontua da 75 minutuko ticket bat erosi behar dela, baina ez da kantzelatu behar (nire kasuan makina ez zebilelako). Fondamenta Noven ez da kantzeladora pasatu behar ferryan montatzeko. Ferrya hartu, Muranon bajatu eta Muranoz gozatu. Nahi izanez gero, bitxi batzuk edo lorontzi bat erosi eta nahibeste luzatu.

12. ferrya Muranotik noiz ateratzen den kontrolatu eta ferrya heltzen denean (eta ez lehenago, minutuak aurrezteko), kantzeladora pasatu. Momentu horretatik aurrera 75 minutu dituzue bueltako ferrya hartzeko. Muranotik Buranora 30 minutu inguru dago, beraz, Burano bisitatzeko 40 minutu inguru izango dituzue. Kalerik politenak ikusteko nahikoa direla esango nuke. 75 minutuak bete baino lehen berriro kantzeladora pasatu eta bueltako ferrya hartu.

Normalean ez da kontrolatzailerik egoten irletarako ferryetan, turistek erabiltzen dituzten lineak direlako (veneziarrek esana), beraz, jokaldia ondo ateratzeko probabilitatea oso altua da.

Leku ez hain turistikoak (baina ikusi beharrekoak)

Bigarren mailako leku turistiko hauen artean nire gogokoena ghettoa da duen lasaitasunagatik. Ez du beste munduko ezer, baina gustatzen zait eta noizbehinka rabinoren bat ere ikusi daiteke kaletik pasiatzen. Eta zuei ere pasiatzea gustatzen bazaizue, S. Marcotik atera eta Bienaleko lorategietara hel zaitezkete arsenala eta itsas-museoa ikusita. Bai Bienaleko lorategiak bai Arsenala Bienalaren erakusketen egoitzak dira eta hainbat erakusketa daude barruan; aldatu egiten direla uste dut.

S. Marco aurrean ikusten den kupula handia S. Maria della Salute da eta haraino Accademiako zubitik guratzatuta heltzen da. Accademiako zubiak Accademiatik hartzen du izena, arte galeria ederra. Dena den, auzo horretan deigarriena niretzat Doganako urre koloreko haize-orratza da.

Veneziako palazzoak Accademiako zubitik

Veneziako palazzoak Accademiako zubitik

Veneziako estetikarekin apurtzen duen inguru bat ere badago; S. Marco eta Accademiako zubiaren artekoa hain zuzen ere. Hemen XVIII. mendeko edifizioak eta denda garestiak ikus daitezke. Oso gauza bereziak dituzte erakusleihoetan, ikustekoak.

Azkenik, eta kuriositate moduan, Calatravaren zubia ikusi behar duzue: Ponte della Costituzione. Ez du ezer, baina euria egiten duenean oso irristakorra da (esan dut Calatravarena dela) eta jendea pausu txikiak ematen ikustea dibertigarria da. Jakinda, gainera, autobus geltokiaren ondoko zubia dela eta jende askok maletekin gurutzatzen duela. Baina ez izan maltzurrak, mesedez, eta lagundu jausten direnei.

Txoko sekretuak (kontatu ditudan arte)

Lehena gidetan agertzen da, bigarrena ez. Veneziako teilatuen panoramika polita izan nahi baduzue, igo autobus geltoki ondoko parkingeko azken solairura. Oso oso sekretua ere ez da, igogailutik atera eta “terrazza” kartelak jarraitu baino ez baitago, baina nahiko jende gutxi ibiltzen da.

Bigarrena, ordea, Veneziak duen altxor bat da: Laboratorio Morion espazio autogestionatua. Ostiralean egon nintzen kontzertu bat ikusten eta afaltzeko eta garagardo bat hartzeko leku aparta iruditu zitzaidan. Ostiraletan afaltzeko Venezia inguruko produktuekin egindako pizzak saltzen dituzte oso prezio onean eta garagardoa ere ona da (eta arrazoizko prezioan). Giroa ere oso ona da eta jendea hitz egiteko prest egoten da, agian bakarrik ikusi nindutelako, baina ez nuke esango. Helbide zehatza ez dizuet esango, bilatzera gonbidatzen zaituztet.

Azken ideiak

Ferryak: goian azaldutako trikimailua ez bada zuentzat nahikoa, eguneko 20€ kostatzen duen bono bat ere eros daiteke ferryan nahibeste montatzeko. Ez dakit nik ordea benetan merezi duen ez bada hainbat irla ikusi nahi dela.

Gondolak: ez ditut lehen aipatu ez naizelako inoiz montatu, baina prezioak begiratu nituen eta 30 minutuko 80 € kobratzen dute. O sole mio abesteko eskupekoa eman behar zaio gondoleroari eta gauez garestiagoa da. Erromantikoa? Ez dakit, gondoleroak ez zaizkit inoiz oso atseginak iruditu.

Taxiak: James Bonden filmetako txalupak dira Veneziako taxiak. Askoz ere gehiago tentatzen nau horrelako batean montatzeak gondolan ibiltzeak baino. Eta aparte, nik ez dakit ez posible izango den ezta zenbat kostatzen duen, baina agian Veneziatik buelta bat emateko oso aukera ona izan daiteke taxia.

Lo egin: ni We_Crociferi ostatuan geratu nintzen. Oso eraikin polita da, jesuiten komentua izandakoa, eta gelak ere oso ondo daude. Gosaria prezioaren barne dago, baina ez da beste munduko ezer. Izarak eta eskuoihalak barne daude, baita xaboia ere. Orokorrean apur bat garestia iruditu zitzaidan, baina Veneziako beste ostatu batzuen komentarioak irakurrita, uste dut aukera ona egin nuela. Ah, eta oso mapa onak dituzte bezeroentzat!

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu