Trentino

Italia iparraldeko probintzia da Trentino, Dolomitetarako atea, eta Trento da bere hiriburua. Mendi artean egonda, mendizaleentzako leku ezin hobea da, mendi, laku, ibilbide eta paisaiengatik. Kultura eta ondarea bilatzen dutenentzat, ordea, ez da leku txarra ere, erromatarrengandik hasita, historia bizia izan baitu Trentinok. Jarraian probintziako txoko ederrenetako batzuk aurkeztuko dizkizuet.

Rovereto

Trentotik 20 kilometrora dago hiri txiki hau. Lehenengoz bizikletan joan nintzen Adige ibaiaren pareko bidegorritik. Handik ikusi nituen lehen upategiak. Beraz, Rovereto ikusi eta ardo botilaren bat erostea ez da plan txarra. Bigarren eta hirugarren aldietan trenez heldu nintzen eta tren geltokitik aurrera jarraituta dotoreki margotutako etxe batera heldu nintzen. Orain banku baten egoitza da, baina argazki zaharretan ikusi dut edifizio hori beti izan dela horren deigarria.

Roveretoko palazio pintatua

Roveretoko palazio pintatua

Plaza horretan hasten da alde zaharra. Eta eskumatara joanda Rovereto zaharreko kaleetan galdu ahal izango gara: plazak, elizak, eskilarak… eta gaztelua. Roveretok orain armadaren museoa den gaztelua du. Museoa oso interesgarria da Lehen Mundu Gerran Alpe eta Dolomitetan jazo ziren borrokak ezagutu nahi izanez gero, kontuan izan behar da 2000 metrotik gora egin zela inguru hauetan guda. Museoak “extra” bat ere badu, dorreetatik herriaren eta inguruen panoramika eskaintzen baitu.

Hainbat jatetxe eta taberna dago Rovereton eta nahiko animatuak egoten dira. Kaleetan ere kontzertuak antolatzen dituzte, hiri txiki honi bizia emanez.

Riva del Garda eta Gardako lakua

Gardako lakuaren iparraldean Riva del Garda herria dago. Ikusten da Turismo leku bezala loraldia izan zuen herria dela, hotel txiki eta zainduak, harrizko hondartzak, parkeak, alde zahar xarmanta eta veneziar kutsuko portua. Udan bizi-bizi dagoen lekua da, turistek eta bertakoek ur-kirolak egiteko portu bezala hartzen baitute.

Riva del Gardako plaza eta portua

Riva del Gardako plaza eta portua

Riva del Gardatik iparraldera Arco dago, eskualdeko herririk garrantzitsuena. Deigarria da herrian dagoen palmondo kantitatea, bailarak duen klima onak horien hazkundea errazten badu ere. Hemengo etxe eta parkeak ere benetan ondo zainduak daude eta XIX. mendean senti gaitezke Arcoko kaleetatik paseatzean. Abenturazaleenentzat Arcok eskalatzeko aukera asko ematen ditu, bailara horma bertikalez itxia baitago nagusiki.

Gardako lakuaren inguruan ere hainbat herrixka dago: Peschiera del Garda, Limone eta Sirmione besteak beste. Turismo herri dira gaur egun, baina askok antzinako edertasuna gordetzen dute. Udan auto asko ibiltzen da herriak lotzen dituzten errepideetatik, baina merezi du herri horietan buelta bat ematea. Errepideetatik ibili nahi ez baduzue, lakuaren inguruetako herriak lotzen dituzten ferryak hartu ahal izango dituzue.

Lakuak

Gardakoa ez da Trentinoko laku bakarra, handiena bada ere. Levico eta Caldonazzoko lakuak ere udako must bat dira. Hemengo batek esan zidanez, Levico eta Caldonazzo trentinoen hondartzak dira. Molvenon ere beste bat dago zubi erromatar eta Napoleonen gotorleku eta guzti.

Carezzako lakua

Carezzako lakua

Carezzako lakua, ordea, Instagramen hainbeste “like” lortzen dituzten laku horietakoa da: gardena, kolore bizikoa, mendien isla perfektua duena…

Mendiak eta ibilaldiak

Alpeetan egonda, nola ez da ba Trentinon mendirik izango! Hiritik bertatik 2000 metrora erraz igo daiteke. Gainera, maila guztietako ibilbideak daude: laku inguruetako ibilaldi lauetatik, eskaladarako horma zailetara. SATak (Società degli Alpinisti Tridentini) oso ondo markatu eta zaintzen ditu bideak guztion gozamenerako prest uzteko.

Brentako Dolomitak

Brentako Dolomitak

Neguan, udan mendizaleak hartzen dituzten mendiak eskiatzaileen paradisu bihurtzen dira. Hainbat eski estazio dago Trentinon eta garraio publikoan ere hel daiteke askotara, beraz, Alpeetan eskiatzea ez da inolaz zaila.

Indarrak errekuperatzeko gastronomia tipikoa duten mendiko babesleku edo malgak edonon topatuko ditugu. Arin betetzen dira asteburuetan, beraz, hobe aldez aurretik erreserbatzea.

Eta gehiago…

Trentino ez da inondik inora hau bakarrik, hainbat herrixka, gaztelu, museo… dago ezagutzeko eta gozatzeko. Gainera, tradizioak ondo gorde dituen eskualdea da, hizkeran nabaritzen da, baita gastronomian ere. Gazta, specka, canederliak… probatu gabe ezin zarete joan. Ardoa ere ekoizten da Trentinon eta sagarrak eta gaztainak ere sukalde trentinoen parte garrantzitsua dira.

Hauek ikustea ere interesgarria izan daiteke:

  • Castel Beseno
  • 52 galeriak
  • Arte Sella

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu