Bolzano

Alto Adige da Italiako azken muga Austriara igaro baino lehen, Alpeak jaun eta jabe diren ingurua, eta bere hiriburua Bolzano da. Hiri txiki hau arkupeengatik da ezaguna, baita teoremagatik ere. Nork ez du ikasi Bolzanoren teorema? Ez dakit zergatik duen izen hori teoremak, baina horrela ikasi genuen.

Batzuek ere entzungo zenuten Bolzano eta inguruetan alemanez hitz egiten dela. Historikoki hala izan da, Austro-Hungariar Inperioaren barruan zegoelako Alto Adige edo Hego Tirol. 1919an, ordea, Trentinorekin batera Italia izatera pasatu zen. Trentinon italiera edo dialekto erromantzea hitz egiten zen eta ez zen hizkuntzan aldaketa handirik izan, baina Alto Adigek bere elebitasun estatusa defendatu behar izan zuen. Egia esan, “jatorrizko” tiroldarrek alemana edo ladinoa hitz egiten zuten eta italiera inmigrazioak eraman zuen inguruetara. Gaur egun Bolzanon italiera zein aleman hiztunak nahasten dira, baina inguruetan nagusi dira aleman hiztunak.

Baina gatozen berriro Bolzanori buruz hitz egitera. Ez da oso handia, baina badu zer ikusi. Alde zahar polita du eta lehen aipatutako arkupeak dira elementurik adierazgarriena. Denden kalea da hori, alde zahar osoan, dendak, merkatutxoak eta abar badago ere. Hainbat plaza ere badu Bolzanok eta taberna eta jatetxe asko ere.

Bolzanoko arkupeak

Alde zaharrean ere dago Bolzanotik gehien gustatzen zaidana: arkeologia museoa. Hala deitzen diote, baina egia esan Ötzi elurretako gizonari buruzko museo monografikoa da. 1991ean bi mendizalek momia bat topatu zuten Alpeetan. Hasieran urte batzuk lehenago galdutako mendizale bat zela uste zuten eta lagunek sinets ziezaieten argazki bat atera zioten. Gorpua identifikatzera joan zirenean, urte batzuk baino gehiago zituela ikusi zuten forentseek. Lehen Mundu Gerrako soldaduren bat izango al zen? Hilotza (hotz-hotza) elurretatik ateratzearekin batera, denbora-lerroan atzera egiten zuten, Brontze Arora heldu ziren arte. Ötzi nor izan zen jakin nahi izanez gero, museoa ikustera gonbidatzen zaituztet. Niretzat must bat da, azkenaldian ikusi dudan museoetan gehien gustatu zaidana.

Ötzi elurretako gizona

Erdigunetik aterata Mussolinik eraikitako garaipen arkua dago. Bolzanotarrak ez daude arkuarekin oso ados eta italieraz, alemanez eta ingelesez idatzitako iragarki batzuetan argi uzten dute. Ibaia jarraituta, gaztelura ere hel daiteke, baina nik ez dut ikusi.

Bolzano inguruetan ere Reinhold Messner alpinista famatuaren museoa dago. Egia esan, sei museoz osatutako museoa da eta ez da beti erraza haietara heltzea. Batzuetaraino autobusez joan daiteke, baina beste batzuk aparteago daude eta batera teleferikoan igo behar da. Guztiak ere ez daude urte osoan zabalik; teleferikoa behar duen hori, adibidez, eski pista zabalik dagoenean, eta ondorioz teleferikoa martxan dagoenean, baino ez dute zabaltzen. Hori bai, esango nuke guztietatik bista ederrak daudela (baina garestia da).

Bolzanotik bertatik ere mendi txango polita egin daiteke. Badago Renon deitzen den inguru bat, 1200 m inguruko altueran mende hasieran udako oporrak igarotzeko erabiltzen zena. Antza Freud ere han ibili zen uda batez. Bada hara igotzeko, Bolzanon bertan teleferikoa hartu behar da. Gero herrixka batera heltzen da eta egurrezko tren txiki bat har daiteke beste herrixka batera heltzeko. Bigarren herrixka horretatik gora eginda (oinez edo autobusez) oso begiraleku politera heltzen da eta apur bat gehiago ibilita (edo teleaulkian), mendi tontorrera. Txangoa “garestia” izan daiteke, baina teleaulkia ez beste guztia Mobilcard-arekin ordain daiteke.

Ikusmira Renoneko trenetik

Mobilcard

Mobilcard-a, egun bateko (15 €) edo hiru eguneko (23 €) edo zazpi eguneko (28 €) bidaia txartela da eta nahibeste ibil daiteke Alto Adigeko garraio publikoan txartelak balio duen bitartean. Tren eta autobus arruntez aparte, hainbat teleferiko eta mendiko tren ere erabil daitezke (Renonekoa, esaterako). Gainera Trentotik/Trentora ere balio du. Zalantza izpirik gabe, mugitzeko aukerarik onena da.

Bolzano inguruak

Ni gutxi ibili nintzen Alto Adigen, baina jakin badakit eskiatzeko leku aparta dela eta pistak oso ondo komunikatuta daudela, eta udan ere paraje liluragarriak daudela. Hainbat herri dago bisitatzeko: Merano, Brunico eta Bressanone adibidez. Museoak, lakuak, mendiko aterpetxeak… Heidi bezala egoteko aitzakiarik ez dago Hego Tirolen!

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu