Munich

2016ko abenduaren 3an izan nintzen Munichen eta gehien gogoratzen dudana hotza da. A ze hotza egin zuen egun hartan eguzkia zeruan jaun eta jabe bazen ere. Lagun bat bisitatzera joan nintzen eta hiriaren erdigunea ezagutzeko aukera izan nuen. Zalantzarik gabe, itzuli beharko dut ez bainuen aukerarik izan Olinpiar Parkea eta BMWren museoa ikusteko besteak beste. Gainera, hiru hilabete hiri txikietan ibili ondoren (Trento, Venezia, Verona, Bolzano…),  Munich metropoli bizi eta interesgarria iruditu zitzaidan.

Ez da gutxiagorako ere, hiri erdialdean dendaz beteriko kale luzea baitago, Neuhauser Strasse. Trenez edo autobusez helduz gero, erdigunerantza eginda kale hau topatzen da, hiriaren benetako erdigunea. Kale horretan eliza pila bat ere bazegoela iruditu zitzaidan, eta sartu ere egin nintzen, hain zen handia hotza egun hartan! Elizek, ordea, ez dute askorik ikusteko.

Neuhauser Strasseren amaieran Marienplatz dago. Udaletxe berria, udaletxe zaharra, turismo bulegoa eta abar dituena. Munichen gauza bereizgarrienetako bat ikusteko oso garrantzitsua da goizeko 11k edo 12ak puntuan (edo udan arratsaldeko 5etan) udaletxe berriko erlojuari begira egotea, hainbat irudik dantza egiten baitute erlojuaren inguruan. Pragako erlojua ere ikusi ondoren, horrelako mekanismoak nori bururatuko zitzaizkion galdetzen diot nire buruari. Aukeran, Munichekoa askoz ere ikusgarriagoa iruditu zitzaidan.

Marienplatz

Marienplatzen inguruetan Frauenkirche eta Peterskirche daude, hiriko eliza nagusiak. Ni joan nintzenean Frauenkirchen gabon kanta kontzertu bat zegoen eta meza Peterskirchen.

Marienplatzetik aurrera eginez gero Isartorrera heltzen da. Isartor, izenak esaten duen bezala, Isar ibaiko atea da eta, nire ustez, Exin gaztelu itxura du.

Marienplatzen atzean Munichek duen beste leku enblematiko eta interesgarria dago: Hofbräuhaus. Hasieran nobleentzat baino ez zen garagardorik ekoizten hemen, baina gerora munichtarren topaleku bihurtu zen. Garagardotegi honetan egin zituen Hitlerrek bere lehen mitinak, baina horregatik ezaguna ez balitz ere, bisitatzeko lekua da. Inoiz ikusi dudan garagardotegirik handiena da, beti dago jendez gainezka, bertakoak zein turistak, eta Bavariako musika ere jotzen dute. Egunero da Oktoberfesta Hofbräuhausen! Garagardorik txikiena litro erdikoa da hemen, baina barietate batzuentzat ezin da litro bat baino gutxiago eskatu.

Hofbräuhaus

Neuhauser Strassez gain, Odeonsplatzetik ateratzen den Leopoldstrasse ere hiriaren ardatz garrantzitsua da. Honen inguruan daude Hofgarten eta Babariako kantzelaritza, unibertsitate fakultateak eta Ingelesen lorategia. Parke erraldoi hau munichtarren oasia da. Neguan, Pabilioi Txinatarretik behera jaisten dira lerekin eta udan (baita neguan ere!) surfa egiten dute. Bai, parkeko errekasto batean sortzen den olatuan surfa egiten dute ausart batzuek.

Ingelesen lorategia eta Pabilioi Txinatarra

Munichen surfean negu gorrian

Opera, milaka museo eta antzokiak daude Munichen eta kultura nonnahi ikus daiteke. Hiri bezala pila bat gustatu zitzaidan eta uste dut merezi duela geldialdi bat egiteak. Gainera, ez ditut inguruak ezagutzen, baina ziurrenik bisitatzeko leku asko egongo da inguruan eta Alpeak bi ordu baino gutxiagora daude.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu