Otsagabia, Itzaltzu eta Zaraitzu ibarra

Neguan Orhipean ibiltzeak duen xarma uka ezina da: teilatu elurtuak, baso elurtuak, tontor elurtuak… sukaldearen epela… Zaraitzuko ibarra ez da ezezaguna gure artean, Iratiko basoa, Abodiko landak eta eski pistak, Orhi, Otsagabia, Gartxot… Denboran iltzatuta geratu den parajea dirudi.

Urtero, urtarrileko asteburu hotz batean, Gartxot ekimenak bardoaren omenezko asteburua ospatzen du. Ekintza nagusia Elkorretako kobazulorainoko ibilaldia da, han egin baitzuen Gartxotek bere penitentzia. Ez da ibilbide zaila eta oso ondo markatua dago, baina negu gorrian erraketak beharrezkoak izaten dira askotan. Mendiaz aparte, bazkariak, afariak, dantzaldiak eta kantaldiak ere egitarauaren barruan daude besteak beste. Plan bikaina jai herrikoiak gustuko dituztenentzat. Itzaltzu da jaiaren erdigunea, Pirinioetara heldu baino lehen azken herrigunea.

Gartxot ekimeneko dantzaldirako prest Otsagabian!

Zaraitzu ibarra 15 herrik osatzen dute, baina ziurrenik ezagunena Otsagabia da. Otsagabia aipatzean esango nuke jende guztiari erreka datorkiola burura. Izan ere, erreka batek gurutzatzen du Otsagabia. Hau da ere herririk garrantzitsuena, turismoaren ikuspegitik gehien bat eta agian politena ere bai. Harrizko etxe arteetan ibiltzea plazera da eta Muskildako santutegia ere bisitatzekoa da. Barrukaldea osorik egurrezkoa da, baina kanpokaldeak eskaintzen du ikusmirarik ederrena, Zaraitzu, Aezkoa eta Pirinioak ikusten baitira handik.

Ezkaroz eta Espartza Zaraitzu ere nahiko politak dira eta beste herri txiki askok ere badute euren xarma, baina egia da ere behin bat ikusita besteak antzerakoak direla. Ondorioz, nire aholkua naturara jotzea da: mendi tontorrak eta ibar hondoak. Azken honen harira, Otsagabiatik Itzaltzurako bidean bada picnica egiteko eta bainatzeko lekua, baina hobe hori udan probatzea. Eta noski, Orhi mendia! 2018 mko tontor leuna.

Esango nuke inguruetatik ibiltzeko ezinbestekoa dela autoa izatea, hango garraio publikoaren eskasia dela eta. Zorionez, esperientziak erakutsi dit jendea bidean topatzen dituztenak laguntzeko prest egoten dela eta ez da zaila autostopa egitea. Eta autorik inon ez balego, Jaurrietako taxiari deitzea baino ez da!

Lo egiteko hainbat landetxe, hotel txiki eta Ozateko kanpina daude. Ni kanpinean egon naiz, bai ostatuan, bai bungalowetan eta bietan oso ondo. Jateko ere hainbat jatetxe dago, azkenaldi honetan asko itxi badituzte ere. Horietan mendialdeko sukaldaritza dastatzeko aukera izango duzue.

Azkenik, komentario edo gogoeta txiki bat egin nahi dut. Zaraitzuko ibarra ez da lehen zena, herriak husten ari dira eta geroz eta gazte gutxiago dago ez baitago lan aukera askorik. Potentziala ere badu ibarrak, ordea, ideia berrien zain. Ez dakit zer gertatuko den, baina ibar bizi bat ikustea pila bat gustatuko litzaidake gaur egun apur bat gris baitago ingurua.

Comments
  1. María José Diaz

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu