Iparraldeko barnealdea (expert mode ON)

Hegoaldetar asko bezala Iparraldearen enamoratua naiz. Hegoaldean ere gertatzen zait, baina Iparraldean behin baino gehiagotan entzungo didazue “Euskal Herria objektiboki polita da” esaldia. Gero ez naiz dialektologiaren friki bat ez Iparraldea idealizatua duen inor, baina esan dezaket turista batek baino hobeto ezagutzen dudala Iparraldea.

Bada, hainbestetan ibili izan gara handik ezen dagoeneko zirkuitu turistikotik ateratzen diren gauzak ere egiten baititugun. Azkenenengo bidaia honetan, maskaradaren aitzakiarekin asteburu ederra pasatu dugu.

Donibane Garazi

Lehen gaua, tradizioak agindu bezala, Donibane Garazin pasatu genuen. Normalean Gîte Compostelan egiten dugu lo, baina oraingoan Frantziako Karrikatik igota aurrez aurre dagoen ostatuan egin genuen lo. Biak ala biak aukera on eta ekonomikoak. Dena den, ohera joan baino lehen tokikoekin erlazionatzera joan ginen. Le Chaudronen afaldu genuen (ez dago aukera askorik Donibane Garazin afaltzeko) eta Cafe Ttipian hartu genituen pare bat garagardo, Kalaka itxi zutenetik gazteen topalekua den horretan.

Aurtengo Donibaneko sorpresa Le Chaudronen atzeko aldean zabaldu duten diskoteka da. Diskoteka bat Donibane Garazin! Ez zegoen giro askorik eta abisatu ziguten borrokak izaten zirela, baina bueno, Iparraldeko txoko berriak ezagutzeko gu beti prest. Garagardoa 5 euroan dute, remix arraroak jartzen dituzte eta brikolaje denda usaina du (hain da berria!), baina hori ez da hara joan gabe jakiten. Ez dakit itzuliko garen, baina parranda gogoa izanez gero, badakigu boîte bat non topatu.

Hurrengo goizean, tradizioak agindu bezala ere, Artizarra gozodendan euskal pastela gosaldu genuen eta herritik buelta bat eman genuen. Merezi du zalantzarik gabe zitadelara igotzea. Orain eskola da eta eraikinak itxita egoten dira, baina harresietatik ibili daiteke. Agian antzeko zitadelaren bat bisitatu duzue Europan zehar eta ez da harritzekoa, hau ere Vaubanen agindupean eraiki baitzen XVII. mendean. Hori bai, goitikako bistak ez dituzue Vaubanen beste zitadeletan inondik inora aurkituko!

Donibane Garazi, Zitadelarako igoera

Ikustekoak dira ere Espainiako karrikako zubia eta eliza. Azken hau erromanikoa da eta erromesak erruz hartzen ditu. Bitxikeria bezala, eliza aurrean espezia denda bat dago. Denda benetan polita eta sartu eta batera ahaztu egiten duzu Euskal Herrian zaudela eta Ekialdeko zoko batera bidaiatzen duzu.

Maskaradak Xiberuan

Gure bidaiaren helburu nagusia Idauze-Mendiko maskarada ikustea zen. Aurten Pettarrako gazteek prestatu dute eta inoiz hobekien ulertu dudana izan da. Baita bereziena ere, gai sozial asko landu baitituzte. Aurreko batean lankide bati azaldu nion bezala, maskarada negu partean egiten den antzezlana da. Nahiko pertsonaia zurrunak ditu eta argumentua beti izaten da bera, baina herri bakoitzak bere puntua ematen dio. Ezagunak dira buhameak, kauterak (Hau Pittu Hau!) eta zaldikoak, baina badira beste pertsonaia batzuk ere.

Godalet dantza Idauze-Mendiko maskaradan

Maskaradek bi atal nagusi izaten dituzte: barrikadak goizean eta antzezlana bera eguerdian (leku guztietan 4retan jarriko du, baina egundo ez dut puntual hasi den bat ikusi). Ni ez naiz inoiz izan barrikadetan, baina nik dakidala, maskaradalariak etxez etxe joaten dira jaten eta edaten eta maskaradako pertsona “maltzurrek” trakeskeriak egiten dituzte. Arratsaldeko saioa gutxi gorabehera, aurreko paragrafokoa da: antzezlan ganberroa eta dantza. Puntual hasten ez badira ere, komeni da ezarritako orduan agertzea, lekua hartzeko ez bada ere; ia hiru ordu zutik egotea gogorra da eta. Komenigarria da ere bigarren lerroan jesartzea, baina arrazoia zuei deskubritzen utziko dizuet.

Maskarada, ordea, ez da antzezlana amaitzean amaitzen (eta a ze bukaera izaten duen!), pare bat mutxiko dantzatzen dira plazan eta nahi duena sar daiteke. Normalean maskarada igandean izaten da, baina larunbatean tokatuz gero, trago bat hartzeko aukera ere izaten da. Aurten, larunbatarekin ikusi genuen maskarada eta justu Idauze-Mendiko festak zirenez, han geratu ginen afaltzen eta afalondoan dantzatzen.

Xiberua kulturala (bidaia honetan)

Dena ez da jaia eta parranda behin Euskal Herria zeharkatuta. Bidaia honetan Ospitalepeara joan ginen hango eliza ikustera. Lankide batek esan zidanez, Pirinioetako alde horretan estilo arabiar zantzuak dituen eliza bakarra da eta horregatik UNESCOren ondarea izendatu zuten. 2017ko apirilaren 1a arte itxita dago konponketengatik eta ezin izan genuen ikusi, baina aurreko batean korura igo ginen eta handik ganbara laukote bat entzun genuen eta, oso ondo gogoratzen ez banaiz ere, oso sentsazio positiboa dut esperientzia horrekin.

Xiberua express

Zalantza izpirik gabe, Zuberoak baditu askoz ere turistikoak diren tokiak eta noizbehinka berriro bisitatzen ditugunak. Naturari dagokionez, Kakuettako arroila, Ahuski eta La Vernako kobazuloa dira aipagarrienak (azkenean ez naiz oraindik izan, baina kontatu zidatenekin oso fidatzen naiz). Animatuz gero ere, Larrainetik Orhira igo daiteke, bai mugako parkingetik (erraza), bai beherago dagoen beste parkingetik (ez hain erraza).

Ondare kulturalari dagokionez, Mauleko gaztelua dago, baita beste hainbat château ere. Elizetatik, zalantzarik gabe Santa Grazikoa aukeratuko nuke, urrunetik ikusita badu dagoeneko magiatik zerbait eta barrualdea ere ikustekoa da. Hemen nire aholkua argiak pizteko 2 euroak ordaintzea da, merezi du eta. Aurretik aipatutako Ospitalepeako eliza ere kontuan hartzekoa da, baita Urdiñarbekoa ere. Horiez gain, Zuberoak ondare materialean zerbait berezia badu, Holtzarteko zubia da hori. XX. mendearen hasieran italiarrek eraiki zuten Holtzarteko arroila hondo eta estuaren gainean eta orain ere haraino hel daiteke.

Zuberoan secret spot bat dugu koadrilakook, Gamereko ur beroak, baina ez noa informazio gehiago ematen sekretua izaten jarraitzea nahi baitugu.

Ondarerik garrantzitsuena Zuberoan, dena den, ondare ukiezina da. Aipatu ditugu maskaradak, telebistan ikusi ditugu pastoralak, Niko Etxartekin batera milaka aldiz kantatu eta dantzatu dugu eta nostalgiko jarri gara Bedaxagar, Etxekopar eta abarrekin eta txoratuta geratu ginen Xora filmarekin. Kantatzen duen herria da Zuberoa dudarik gabe, bazkalondo eta afalondoetan nabarmen ikusten den legez.

Iparralderako aholkuak

  • Ahal izanez gero, mugara heldu baino lehen mugan auto-ilararik dagoen enteratu eta, hala bada, bide alternatiboak bilatu.
  • Zuberoan oso kutxazain gutxi dago. Dirua etxetik eraman edo Maulen geldialdia aurreikusi.
  • Ezagutzen ditudanetatik Donibane Garaziko Carrefourreko gasolindegia da Iparraldeko merkeena.
  • Jakina da Iparraldean Hegoaldean baino lehenago ixten dutela dena, baina Maulen, chez Fandangon pizzak momentuan egiten dituen makina bat dago. Bizi salbatzailea.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu