Valentzia

Doktoretza egiteak hainbat gauza on ditu, baina bereziki bi dira nabarmentzekoak: 1) ordutegi malgua eta 2) bidaiatzeko aukera. Oraingoan ikerketak Valentziara ekarri nau eta arratsalde libreak hiria ezagutzeko erabiltzen ari naiz. Nirekin etorri den lankide batek esaten du eraikin historiko politak eta eraikin berri eta itsusiak batera dituen hiria dela Valentzia. Arrazoia du, baina eraikin historikoek (baita berri batzuek ere) justifikatu egiten dute Valentzia bisitatzea.

Orain dela 15 urte inguru izan nintzen Valentzian, baina ezer gutxi gogoratzen nuen eta nire oroitzapen horiek iaz irakurri nuen Blasco Ibánezen Cañas y Barro eleberriko kontakizunarekin nahastuta Valentziaren erdi-fikziozoko ideia nuen. Ezer gutxi geratzen da Blasco Ibáñezen Valentziatik, Calatrava baino lehenagokoek suntsitu baitzuten.

Alde zaharra

Gaur egun Valentziako alde zaharrean etxe zahar eta berriak apur bat anarkikoki metatzen dira, urbanizazio bortitzari aurre egin dioten hainbat perla, erdi eroritako etxebizitza eraikinak eta Mediterraneoan hain ugariak diren kolorea galdutako toldodun apartamentu-etxeak. Nola izango ote zen antzinako Valentzia? Setaren lonja, Katedrala, Micaleta… Benetan ikusgarriak hauek hirurak, agian inguruarekiko kontrasteagatik.

Micaleta eta katedralaren sarrera nagusia

Setaren lonja kanpotik bakarrik ikusi ahal izan nuen, baina ateen eta leihoen dekorazioak liluratu ninduen; Italiako berpizkundeko palazioek ez diote itzalik egiten! Izan ere, Unescoren ondarearen parte da. Katedrala gotikoa da eta barrutik oso ikusgarria ez bada ere, merezi du distantzia apur bat hartu eta amaitu gabeko dorrea (edo kupula) urrunetik ikustea. Micaleta katedralaren kanpandorrea da, oktogono formako oinarria du eta Valentziako gotikoaren eredu zoragarria da.

Setaren lonjako detailea

Dorreak eta ateak ere baditu Valentzia zaharrak, Quarteko eta de Serranoseko dorreak esaterako. Komentuak, elizak, ospitaleak… Modernoagoa da merkatu zentrala, baina hala ere ikusgarria, markesinaren tamainagatik ez bada ere.

Valentzia, ordea, ez zen Erdi Aroan eraiki, erromatarrek fundatu zuten eta musulmanek distira eman zioten. Kuriositatez, Carrer dels Trànsitseko paperdenda batean musulmanen harresiaren zati bat ikus daiteke, beste guztia gaur egun estalita dagoela suposatzen dut.

Ez da auto asko ibiltzen alde zaharretik eta leku ona da bai pasiatzeko, bai erosketak egiteko edota zerbait hartzeko. Egia esan, trafiko ezak oso leku lasai eta atsegina bihurtzen du Valentziako inguru hau.

Portua, Cabanyal eta Malvarrosa

Udaberria Mediterraneo inguruan gurean baino onberagoa dela esaten dute, egun hauetan Valentzian eguzki lotsatiak haize hotza gozatzen ez badu ere. Haize hotzak, ordea, ez dio Valentziako itsas-aldeari edertasunik kentzen. Valentziako merkantzia portua Saguntokoa da eta hirikoa yatez beteta dago gaur egun. Lehen arraina saltzeko tinglatuak hutsik daude orain, baina oraindik mantentzen dituzte kolore biziak. Tinglatuak ez dira portuaren antzinako lanaren lekuko bakarra: aduana eta beste eraikin batzuek ere han negozio handiak egin zirela gogorarazten digute.

Gaur egun, ordea, kirol-portua da Valentziakoa. 2007an Amerika Kopa ospatu zen hor eta nazioarteko hainbat markaren dendak eta egoitzak daude orain portuaren inguruan. Bela eta nabigazioa ez dira Valentziako portuan egin izan diren kirol bakarrak. Hortik pasiatzen duen edonork antzemango du Formula 1eko zirkuituaren gainean ari dela ibiltzen. Badirudi, gainera, edozein momentutan beste auto lasterketa bat antolatuko dutela, langa batzuk oraindik ere hor baitaude. Dena den, ez dut uste autoen zarata epe laburrean entzungo denik portuan eta valentziarrek bizikletan, patinetan eta korrika ibiltzeko erabiltzen dute asfalto beltza.

Portutik hasten da Cabanyal auzoa. Lehen arrantzaleena, orain langile auzoa. Auzo horretan argi eta garbi ikusten dira etxebizitzaren arazoari erantzun azkar eta erraza ematearen ajeak: kolorezko arrantzaleen etxeak 4 solairuko blokeekin txandakatzen dira. Azulejodun etxe zaharrek auzoko bizitza bixia gogoratzen digute; hor dago oraindik “Amparín”en denda hartu zuen etxea, baina ezer gutxi geratzen da arrantzale auzotik.

Cabanyaleko arrantzale etxeak

Gizakiak eraikitakoa gutxitan da luzerako, luzerako da, ordea, naturak milurtekoen poderioz eraikitakoa. Horren erakusgarri dugu Malvarrosako hondartza. Valentziaren tamainako hiriak behar duen hondartza, zalantza izpirik gabe. Hondartza zabal eta zebitzuz betetakoa da eta pasatu nintzenean, voleybola, futbola eta abar egiten ari ziren valentziarrak urrezko hondarrean. Pasealeku zabala du hondartzak, palmerek babestua, eta hainbat jatetxe eta taberna dago pasealekutik hondartzari begira. Nola egongo ote dira inguruak udan?

Beste batzuk

Bidaia honetan bisitatu ez baditut ere, badakit Valentziako postala Ciudad de las Artes y las Ciencias delakoak osatzen duela. Hemen daude Oceanogràfica, Zientzia museoa, Hemisfèrica, Arteen jauregia… hiri modernoaren isla. Suposatzen dut deigarriena begi bat bezala zabaltzen den Hemisfèrica dela, esnatzen den eraikina dirudi eta.

Nire aitak beti kontatzen du bera txikia zenean posta zigiluak Valentzia konpontzeko dirua jasotzeko erabiltzen zirela. 1957an uholde handi bat izan zen hirian eta hondamenaren ostean, Valentzia berria sortzeko erabakia hartu zuen Francoren gobernuak. Hala, Turia ibaia lekuz aldatu zuten eta ibaiaren ibilbide zaharra parke bihurtu zuten. Parke honek hiria zeharkatzen du itsasoraino eta hiriaren birika da, aisialdirako leku paregabea.

Valentziarako datu eta aholku batzuk

Nahiko hiri handia da eta ezinbestekoa da garraio publikoa erabiltzea. Denbora laburrez egon banaiz ere, metroa, tranbia eta autobusa probatzeko aukera izan dut eta orokorrean ondo komunikatuta dagoen hiria dela esango nuke. Bidaia bateko txartelak 1,50 € balio du garraiobide guztietan eta metrorako beharrezkoa da birkargatzen den txartel bat erostea. Metroa harrigarriki geldoa iruditu zait, baina autobusa eta tranbia oso azkarrak, eta, gainera, hiria ikusteko aukera ematen dute. Hori bai, egundo ez naiz hain tranbia zaratatsuan ibili!

Dena den, hiria ezagutzeko bizikleta gomendatuko nuke. Oso bidegorri sare zabala dago eta hiria guztiz laua da. Valentziako udalak bizikleta zerbitzua du, beraz, ez dago aitzakiarik hankei eragiteko!

Janariari dagokionez, zorionez, ez dut paella jateko jatetxe turistiko asko ikusi. Egia esan, paella jateko jatetxe onik ere ez dut ikusi. Ez al zen ba hemengoa? Bestela ere hainbat taberna dago zerbait hartzeko eta tapa eta tosta karta zabala izaten dute. Tamalez, orain arte hartutako garagardoa eskasa iruditu zait, agian garagardo artisauren bat probatu beharko dut! Ni ez naiz hortik ibili, baina Valentziako lagun batek esan dit Ruzafa inguruan hainbat jatetxe eta taberna dagoela.

Ni Kongresu Jauregitik hurbil dagoen exekutiboentzako hotel elegante batean nago kongresu batera etorri naizelako, baina alde zaharrean ikusitako gazte kanpotar andanak hainbat hostel dagoela pentsatzera eraman nau. Hotelak ere barra barra daude hirian, kaletik ibiltzea baino ez dago.

Bestela ere, Mediterraneoko hiri handi bat da Valentzia, baina merezi du egun bateko egonaldia.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu