Fromista

Batzuetan kostatzen zait ikusi ditudan leku batzuk artikulu luzeago batean jartzea, norabait nindoala edo nonbaitetik nentorrela bisitatu ditudalako, baina egiatan bidaiatik “kanpo” zeudelako. Horientzat “pildoratxoak” etiketa sortzea otu zait testuingururik gabeko bisitak edo oso leku zehatzak deskribatzeko.

Nire lehen pildoratxoa Fromista izango da. Palentziako herri hau bere elizagatik da ezaguna eta Donejakueko bide frantsesa egiten dutenentzat aise ezaguna da. Herria bera Gaztelako herri arrunta da, nahiko ondo zaindua, nahiko zerbitzu onak dituena, baina Gaztelako herria: etxe baxuak, landutako soroak inguruetan eta Gaztelako eguzki kupidagabea teilatuen gainean.

San Martin eliza erromanikoaren ikur ezinhobea da. Kanpotik eliza sendoa da, garbia eta ondo zaindua. Deigarria da ere gargola kopurua eta haien aniztasuna. Barrutik, sinpletasunean edertasuna duen eraikina. Tourseko San Martin ezaguna da kapiteletan harginek egin zuten lanagatik. Bibliako hainbat eszena agertzen dira kapiteletan, baita animaliak eta landareak ere. Euro 1en truke elizaren edertasunaz eta gerizpeaz gozatu ahal izango duzue Santiagora bidean atsedenaldi bat eginda edo Tierra de Campos bisitatu bitartean.

Fromistako Tourseko San Martinen eliza

San Pedro eliza ere bisitatzekoa da, baina, denbora izanez gero, Gaztelako Kanaleko esklusak bisitatzera gonbidatzen zaituztet. Bost esklusadun sistema dago Fromista ondoan eta kanal osoko altuera bariazio handiena gainditzeko sortu zen. XVIII. mendeko ingeniaritza lan handia da hau.

Amaitzeko, bitxikeria bezala, aipatzekoa da marinelen patrio den Telmo Deuna Fromistakoa zela. Nork esango zuen itsasoko jendeak hainbeste gurtu duen santu hau Gaztelan sortuko zenik!

 

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu