Bierzo, Las Médulas, Los Ancares eta El valle del Silencio

Bi Balak inoiz Larrunera igo gabe Himalayara trekkinga egitera joaten direnak kritikatzen ditu. Nik ez dut inor kritikatuko, baina hurbil paradisuak ere badaudela gogorarazi nahiko nuke. Aitortu behar dut Bierzoko eskualdeari buruz espektatiba gutxi nituela, baina bidaiko gauza negatibo bakarra handik denbora gehiago ezin geratu izana izan da. Bertzianoak zinez jende adeitsu eta atsegina dira eta ondo jaten da, potente eta merke. Parajeen edertasuna da, dena den, Bierzok duen ondarerik handiena; benetan zoragarria.

Las Médulas

Las Médulas erromatarren garaiko urre-meatzaritzak sortutako paisaia da. Erromatarrek tunelak egiten zituzten mendietan eta urez betetzen zituzten presioaren bidez mendiak lehertarazteko. Gero, lehertutako harrien artean urrea bilatzen zuten mendia apurka apurka ustiatuz baino errazago.

Erromatarrekin batera amaitu zen urrearen meatzaritza Leonen eta gaur egun naturak bere lekua eskuratu du berriro harri gorrizko piramideak gaztainondoen artean harrapatuta geratu dira. Orelláneko begiralekutik lortzen da panoramikarik onena eta galeria bat ere bisita daiteke (ilara luzea egoten bada ere), baina medulen artetik ibiltzeko aukera ere badago Las Médulas herritik ateratzen diren bideetatik. Herrian bertan aparkalekuak, jatetxeak, nekazal turismoak eta interpretazio zentroak (bai, bi) daude.

Las Médulas Orelláneko begiralekutik

Ibilbideak oso ondo prestatuta daude eta oso errazak dira, abenturazaleenentzat ere aukerak badaude ere: posible da galerietatik gora egitea eta mendi barrutik ibiltzea.

Los Ancares

Las Médulas turistikoa bada, Los Ancaresen lasaitasuna da nagusi. Bailara estu bat da. Egia esan, bi bailara dira eta hori bakarrik Leoneko Los Ancares kontuan hartuz gero. Baloutako gizon batek kontatu zigunez, Manuel Fragak Los Ancares Lugora ere zabaldu zuen, turismoa Galiziara eramateko asmoz eta hara eraman zuen ere Leoneko aldean eraiki behar zuten paradorea, baina benetako Los Ancares Leonekoa da.

Baloutako palloza

Bi bailaren artean, portu batean begiraleku bat dago eta handikako bistak izugarriak dira. Los Ancaresek duen berezitasunik handiena, ordea, bailararen lekurik sakonenean dago: Balouta. Herri txiki honetan, antzinako “pallozak” ikus daitezke oraindik. Pallozak lastozko teilatua duten harrizko etxe biribilak dira. Adi ibiliz gero eta apur bat itxaronez gero, herritarren batek bere palloza zabalduko du. Guk bisitatu genuena oso modu tradizionalean mantenduta zegoen barrutik; zail egiten zait pentsatzea horrelako batean norbait bizi daitekeenik orain. Tamalez, galtzear dagoen etxebizitza mota da teilatuaren konponketa oso garestia baita; laguntza publikorik egon ezean, argazkietan baino ez ditugu pallozak ikusiko.

El Valle del Silencio

Bidea inpernu bat da, estu-estua eta kurbaz betea, baina merezi du Peñalba de Santiagora heltzea. Arbelezko teilatuen azpian mendeetan zehar batere aldatu ez den herria dago, fantasiazkoa dirudi eta oso ondo zaindua dago. Beste altxor bat ere badu Peñalbak gainera: eliza mozarabea. Ateak adierazten du eliza berezia dela, eta barrualdeko margoek konfirmatzen dute berezitasun hori. Suposatzen dut isolamenduak babestu duela Peñalba eta orain guretzako oparia da.

Ponferrada

Ponferradari buruz nuen irudia okerra zela demostratu da bidaia honetan. Hiri industrial itsusia espero nuen eta Tenplarioen gaztelu bat eta alde zahar moñoño bat aurkitu ditut. Gaztelua kenduta, arkitekturaren ikuspuntutik Ponferrada ez da beste munduko ezer, baina Aste Santuarekin kointziditu genuen eta hori Gizateriaren Ondare izendatu dute.

Prozesio luzeez gain, badaude Aste Santuarekin bat Ponferrada alaitzen dituzten beste tradizio batzuk: txapak, limonada eta “pantera esnea”. Txapak apustu jokoa da eta bi txanpon airera botata jokatzen da, baina ez genuen oso ondo ulertu apustuen kontua azaldu ziguna hainbat limonada edanda zegoelako. Limonada sangria modukoa da, Bierzo inguruan Aste Santuan tipikoa, eta taberna bakoitzak bere errezeta du, beraz, ezin jakin zehatz-mehatz zer daraman edabe horrek. Azkenik, pantera esnea esnez eta kanelaz eta batek daki zer gehiagoz egindako edaria da. Probatzeko bodega El Pescadorren eskatzea baino ez duzue.

Ponferradako gaztelua eta eliza

Jai egunak zirelako, eskualdeko herririk garrantzitsuena delako edo kasualitate hutsez, Ponferradako gau giroa os atsegina da. Hainbat tabernaz aparte, La Obrera deitzen den “klub sozial” bat dago. Mende hasieran suposatzen dut klub edo kasino modukoa izango zela (txapetan jokatzen dute oran lehen pisuan!), baina gaur egun taberna polit bat da eta asteburuetan koktelak edaten dituzten gaztez betetzen da. Hainbat pub ere ikusi genituen eta nahiko itxura ona zuten.

Laburbilduz, Ponferrada Bierzo ezagutzeko kanpaleku nagusi bezala erabiltzea nahiko aukera ona da: lo egiteko hainbat aukra dago, baita jateko eta edateko ere, eta Bierzoko txokoetara heltzeko bide guztiak hasten dira hortik.

Beste leku batzuk

Molinaseca Ponferradatik oso hurbil dagoen herria da. Berez ez du gauza askorik, baina ondo zainduta dago eta Bierzoko herri tradizionalaren itxura du. Donejakue bideak herria zeharkatzen du eta kale nagusiaren bi aldeetan hainbat jatetxe dago Bierzoko janari tradizionala dastatu ahal izateko. Guk botillo deitutako hango txerriki adobatu potente bat jan genuen, baina niri ez zitzaidan gehiegi gustatu oso zapore fuertea zuelako.

Fabero meatze-herri zinez itsusia da. Meatzaritzan izan duen garrantziagatik, ordea, badu bere lekua Bierzoko historian. Gaur egun Errepublika garaiko eskola eta meatzaritza museoa bisita daitezke Leongo mendietatik ikatza nola ateratzen zuten ikasi nahi izanez gero.

Bonus track: Bierzo menditsua dela aipatu dut lehenago ere, baita tontorretatik ikusten diren bistek hunkitzen dutela ere. Molinasecatik gora eginda Acebora helduko gara. Hor La Casa del Peregrino deitzen den aterpetxe bat dago eta terrazatik ikusten den panorama benetan ikusgarria da. Egia esan, nahiko karta eskasa du, baina oso leku polita da zerbait edateko.

Aholkuak eta trukoak

  • Las Médulasen hilerriko aparkalekuan utzi autoa, herritik hurbil dago eta besteak beteta egoten dira edo ordaintzekoak dira.
  • Ponferradako alde zaharrean aparkatzea ezinezkoa da, baina badaude parking batzuk alde zaharraren ondoan.
  • Errepideak orokorrean nahiko txarrak dira, patxadaz hartu.
No Responses

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu