Leon eta Astorga

Leon handia, nahiko hutsa eta hotza dela esaten dute. Aste Santuan egindako bidaian, ordea, maitemindu nauen lurra ezagutu dut. Aurreko sarrera batean Bierzo deskribatu banuen, orain Maragatería eta Leonen ikusi ditudanak kontatuko ditut.

Leon

Aste Santuan ezagutu genuen Leon; bere onenean. Prozesioak eta, horien ondorioz, herri osoa kalean eta jai giroa nagusi. Jakina da, gainera, Leon tabernarik taberna ibiltzeko leku paregabea dela. Auzo Hezean (Barrio Húmedo) eta Auzo Erromantikoan (Barrio Romántico) dozenaka taberna daude nahibeste edan eta ahal dena baino gehiago jateko. Ez dut nik horrelako tapa handirik egundo ikusi!

Leongo katedrala

Dena ez da jatea eta edatea, ordea. Leonek duen ondare historikoa hiri gutxik izango dute. Astorgan gertatzen den bezala, Leoneko eraikinik esanguratsuena katedrala da. Kanpotik ikusita altuerak erakartzen du bidaiariaren arreta. Katedral gotiko honen bertikalitateak berariaz sortzen du katedralaren dorreak zeruraino heltzen direlako ilusioa. Katedrala, ordea, beirateengatik da ezaguna. Egia da, beirate altu eta koloretsuak benetan ikusgarria dira. Beirateak ikusteko katedralera sartu behar da eta, katedraleko sarrerarekin batera (6 €), audiogida bat ere ematen dizute eta katedralaren historia ezagutzeko aukera ere badago.

Leongo katedraleko aldarea eta beirateak

Hala ere, katedrala ez da gehien gustatu zitzaidana. Bada Leonen San Isidoro deitzen den komentu bat. Eraikin erromaniko horretan Leoneko erregeen mausoleoa dago, Urraca Andreak sustatu zuena. XI. mendeko “Kapera Sixtinoa” deitzen dute, eta ez da gutxirako. Pantocrator-a dago, Jesusen bizitzako eszenak, santuen irudiak eta nekazal-egutegi bat ikus daitezke. Harrigarria da, mausoleoa Napoleonen tropek zalditegi moduan erabilita ere, nola heldu den gaurdaino hain egoera onean. Ezin da barruan argazkirik atera, beraz, ikustera gonbidatzen zaituztet. Komeni da bisita erreserbatzea, gidarekin sartu behar baita beti (5 €).

Alde zaharrean ere badago zer ikusi. Astorgako apezpikuaren egoitzaren antzerako erakin bat dago: Casa Botines. Hau ere Gaudík egin zuen eta urtetan banku baten egoitza izan zen. Diputazioa ere polita da eta patio ederra du. Harresi zatiak ere ikus daitezke eta eliza gehiago ere badaude. Kale Zabaleko (Calle Ancha) bizitza ere ikustekoa da; a ze jende pila!

Alde zaharrean bi plaza ere gomentaduko nituzke: plaza nagusiak (Plaza Mayor) Gaztelako plaza nagusien estiloa du eta baditu kafe bat hartzeko terraza txukunak. Plaza del Grano, aldiz, Erdi Aroko plaza da. Lurra harrizkoa da (takoiekin ezinezkoa hortik ibiltzea) eta hurrengo egunean Erdi Aroko benetako merkatu bat ospatuko dela dirudi, ez baita mendetan aldatu.

Plaza del Grano

Errekara jaitsita, Leongo paradorea ikus daiteke. Nik Eskorialaren itxura hartu nion eta erraldoia iruditu zitzaidan. Gainera, Leongo beheko alde horrek ere badu beste gauza bat. Arte modernoa gogoko dutenentzat Leongo Arte Garaikidearen museoa (MUSAC) dago.

Arestian esan bezala, Leon ez da bakarrik tapeoa, baina tapeoa ere bada. Alde zaharreko taberna guztietan trago bakoitzarekin jateko zerbait ateratzen dute. Ez dakit nik jesarrita afaltzeko lekurik dagoen hirian… Azken aholkua: taberna guztiak txukunak badira ere, Leondar batekin joatea da onena, haiek ezagutzen baitituzte taberna onenak eta taberna bakoitzeko espezialitateak.

Astorga

Astorga edo Asturica erromatarren garaitik garrantzia izan duen hiria izan da. Horren seinale dira erromatarren garaiko arrastoak, katedrala eta Apezpikuaren egoitza. Gaur egun ere, ziurrenik ondare historikoaren eraginarengatik, bisitari asko erakatzen dituen hiria da.

Zalantza izpirik gabe erakarpen indarrik handiena duen eraikina katedrala da. Astorgako katedrala XV. mendean eraikitzen hasi zen eta gotikoa, errenazentista eta barrokoa da da. Oso deigarria da fatxada nagusia; harri langintzaren eredu paregabea. Merezi du ate nagusira hurbildu eta erliebeez gozatzea.

Astorgako katedralaren ate nagusia

Katedralaren ondoan zinez eraikin bitxia dago: Apezpikuaren egoitza. Antza garai bateko apezpikua Gaudíren laguna zen eta horrek egoitza eraiki zion. Kanpotik “Exin castillos” estiloko eraikina da: harri zuriak oso markatuta daude eta teilatutxo konikoak ditu. Barrua ere bisita daiteke (5 € gazteentzat, oker ez banago) eta Gaudíren estiloa jaun eta jabe dela ikusten da. Ia eraikin osoa dago bisitagarri eta, gelak hutsik badaude ere, hormetako eta zapaietako dekorazioak ikustea merezi du. Gela guztien artean deigarriena kapera da. Izan beirateengatik, hormetako irudiengatik edo “erretabloarengatik”, kapera artelana dela esan daiteke.

Apezpikuaren egoitzako kapera

Apezpikuaren egoitza

Katedralaren inguruan ere oso denda xelebrea dago. Jabeak 80 urte inguru ditu eta Astorga inguruko gozoak eta gaztak saltzen ditu sosa kaustikoarekin batera besteak beste. Ultramarinos zaharraren kutsua du, erdi denda erdi biltegi. Guk han erosi genituen pastak eta prezio egokia eta kalitate onekoak iruditu zitzaizkigun familia eta lagunei eskeini genizkienean.

Katedral ingurutik alde zaharrera eginda, herriko plaza aurkituko dugu. Terrazaz eta jatetxez beteta dago eta herrikoak eta turistak nahasten dira oso giro ona sortuz. Jatetxe horietako edozeinetan “cocido maragato”a probatzeko aukera izango duzue. Txitxirioak oinarri dituen plater hau ez da dieta egiten ari direnentzat: garbantzuez gain, hainbat okela eta aza ere baditu. Bazkalosteko siesta derrigor bihurtzen duten plater horietakoa da.

Alde zaharraren inguruan ere, eliza erromanikoak eta erromatarren aztarnak ere aurki daitezke. Hain zuzen ere, erromatarren garaiko etxe oso baten aztarnak daude ikusgarri: lurreko mosaikoak, estolderia, sukaldea… ausartuko nintzateke esaten, indusketak eginez gero, Asturica Augustaren hainbat altxor topa genitzakeela.

Castrillo de los Polvazares

Maragateríako herri tipiko hau praktikoki kale bat da. Baina a ze kalea! harrizko etxez inguraturiko harrizko bidea. Etxe bajuek kolore bizizko ateak dituzte eta turistak herriko zaharrekin nahasten dira. Bisita aukera ona bada ere, are aukera hobea da herriko jatetxeetako batean “cocido maragato” bat jatea.

Castrillo de los Polvazares

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu