Dordoña-Ardoaren bideetatik

Frantzia erdialdean, Euskal Herritik erlatiboki hurbil herri moñoñoz betetako eskualdea dago. Erdi Aroko kale estuak eta mahastiak tartekatzen dira Parisekin zerikusi gutxi duen inguru honetan. Dordoña ibaiari jarraiki Frantziako ardoen bidea egin dugu eta hain ezaguna ez den harribitxi hau deskubritu dugu.

SAINT-ÉMILION

Ardoari buruz dakitenek Saint-Émilioneko ardoa onena dela esango dute. Izan ere, herri txiki honetatik ateratzen dira “Grand Cru” izendatzen dituzten ardo horiek. Ez da harritzekoa herriaren inguruetako mahastietatik kalitate goreneko ardoa sortzea, klima siku eta eguzkitsua baita mahatsak behar duena.

Herri txiki hau Bordeletik hurbil dago eta jende asko da Bordeletik egun pasa hurbiltzen dena. Plan arrunta upategiak bisitatzean eta herriaz gozatzean datza. Aitortu behar dut eguzkia goian denean harri argizko etxeak benetan eder ikusten direla. Hori bai, aldapan dagoen herria da eta kale batzuk ia bertikalak dira, hobe edaten hasi baino lehen egitea turismoa.

Saint-Émilion eta mahastiak

Ardoari dagokionez, dauden jatetxeetako batean bazkariarekin batera kopa bat (edo botila bat) hustu daiteke edo herrian zehar dauden dendetan “probatzeko” eska daiteke. Ardo ona garesti ordaintzen da eta jatetxe batean zail izango da 5 € baino gutxiago kostatzen den kopa aurkitzea. Baina merezi du ziurrenik gutxitan edango den ardoa probatzea. Dendetan, ordea, ardo-dastaketa doan da, baina kantitatea txikia da eta “urteko” ardoa ematen dute. Ez hain ona, baina probatzekoa. Trukoa da noiz arte dauden zabalik galdetzea, itzuliko zarelako esperantza sorturik tragoa lortzeko.

BERGERAC

Bergerac entzutearekin batera Cyrano datorkio jendeari gogora Bergeraci buruz ezer gutxi jakiten baitugu normalean hiri honi buruz. Bergeractarrek ere badakite Cyrano sudur handia dela euren markarik internazionalena eta bere hainbat estatua sakabanatu dituzte kaleetatik.

Cyrano Bergeracen

Ez da denbora askorik behar Bergerac bisitatzeko. Alde zahar txikian harrizko etxeak eta egurrezko kanpo-egitura dutenak txandakatu egiten dira Dordoña ibaira heldu arte. Oso ondo zaindua dago eta oso txoko atseginak sortzen dira zuhaitzen azpian plaza txikietan.

PÉRIGUEUX

Périgueux Périgord Zuriaren hiriburua da. Nahiko handia da eta zerbitzu guztiak ditu; bistan da eskualdeko gunerik garrantzitsuena dela. Alde zaharra ere nahiko handia da eta harri zurizko eraikinen artean Istanbuleko Santa Sofiaren antza duen eliza gailentzen da. Saint-Front katedrala da, hain zuzen ere. Elizak hainbat dorre ezberdin ditu eta hiriaren profila urrunetik identifikagarri egiten du.

Périgueuxeko Saint-Front katedrala

SARLAT-LA-CANÉDA

Ez balitz toldoz beterik dagoela, herri liluragarria izango litzateke. Kale estuak eta arbelezko teilatuak dituen herri hau foie grasaren kapitala da. Nonnahi aurki daiteke foie grasa, baita ahate eta antzaretatik ateratako beste hainbat produktu ere.

Sarlateko alde zaharrean deigarria da merkatu bihurtu duten eliza. Ez da oso handia, baina ate beltz erraldoi batzuk jarri dizkiote, Moriako ateen bertsio frantsesa.

Sarlat-la-Canéda

Kuriositatez, hemen ikusi nuen lehenegoz bidaian zehar hainbat aldiz ikusiko nuen tradizio bat. Ez dakit zergatik baina enbor batean iltzeak sartzeko ohitura dute. Zergatik ote?

Sarlatetik aterata, beste hainbat herri dago bisitatzeko. Esaterako Beynac, La Roque-Gageac eta Rocamadour.

BEYNAC

Ez izutu herri honen bertikaltasuna ikustean, aldapa badago, baina gaztelura heltzea merezi du eta patxadaz hartzea besterik ez dago. Autoa behean utzita, kale estuetatik gora egin genuen bailarako bistekin gozatuz. Behin tontorrean, gazteluko harresia eta eliza ikusi genituen. Aipatzekoa da ere, indarrak berritzeko aukera dagoela goiko alde horretan, pare bat taberna baitago.

Beynaceko gaztelua

LA ROQUE-GAGEAC

Beynac harrizko hormaren gainean badago, La Roque-Gageac harrizko hormaren babesean eraiki zuten, hortik herriaren izena, suposatzen dut. Ibaiaren ertzean etxe ilara altxatzen da, horma naturala etxearen laugarren hormatzat baliatuz.

La Roque-Gageac

Ibai-kruzeroak ateratzen dira hemendik eta ordubeteko bidaian bailara eta bailaraz babesten duten hormez goza daiteke.

DOMME

Bastida itxurako herri txiki bat da. Ez balitz bota zigun ekaitzagatik benetan disfrutatuko genuen, baina ur gortinak ez zigun ia herria ikusten utzi. Herria harresi batek inguratzen du eta barruan denda moñoñoak dituzten kale aldapatsuak daude. Goiko partean bailararako begiralekua dago eta ziur nago bistak paregabeak direla egun oskarbietan.

ROCAMADOUR

Rocamadour Frantziako Covadonga da. Ez da konparagarria, baina Rocamadoureko santutegiak antz handia du Asturiaseko Santinarenarekin. Dena den, santutegia gutxienekoa da.

Rocamadourrera goiko aldetik heltzen da. Izan ere, herria horma bertikal baten azpian eraiki zuten (nola bururatuko ote zitzaien). Santutegira eta herria jaisteko eskilaren, bidexkaren eta igogailuaren artean aukera dezakegu, baina kontuz, igogailua goiz ixten baitute.

Gu eskilaretatik bajatu ginen santutegira eta alderik alde zeharkatu genuen herrira heltzeko. Hainbat kapera dago eta fededunek gogokoen duten santuari erreza diezaiokete.

Herria, herria baino, kale bat da. Alde bietan saltxitxoia eta gazta saltzen duten dendak, jatetxeak eta hotel txikiak daude. Pena da hain leku berezia izanik turistentzako hain bideratua egotea.

Beste herriekin konparatuta dezente itsusiagoa da, baina gauza onak ere baditu. Alde batetik doan aparkatzen da (Périgord beltzeko beste guztietan ez bezala), bestetik Rocamadourretik parkingera oinez igoz gero nahiko kirol egiten da eta azkenik ia ia nahibeste gazta eta saltxitxoi probatu daiteke dendetan.

BESTE BATZUK

Historia aurrea gustuko dutenentzat Lascauxeko kobazuloak Périgordean daude. Errepidetik joanda nabarmena da kareharrizko hormetan ikusten diren kobazuloak eta ez da imajinatzeko zaila horma altuek babestutako Eden moduko horretan lehen gizakiak bizi izana.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu