Gaztelugatxe

Euskal kostaldeak ehundaka txoko eder dituela ukaezina da. Areazko hondartza luzeek eta labar harroek hamaika postal betetzen dituzte. Kantauri itsaso kupidagabeak zigortzen duen lur eremu horretan penintsula txiki bat olatuen talken aurka irmo altxatzen da. Hori da Gaztelugatxe.

Gaztelugatxeko bista orokorra

Mundura Dragonstone izenez salto egin badu ere, euskaldunontzat aspalditik da ezaguna Bermeo eta Bakio artean altxatzen den arroka eta bere gaineko San Joani eskainitako ermita. Ezagunak dira ere kostatik haitz tontorreraino igo behar diren 232 eskailerak eta azken eskilaran dagoen oinatza. Oinatz horren jatorria, ordea, ez da hain ezaguna. Kondairak dioenez, San Joan hiru pausuan heldu zen Gaztelugatxera, lehen pausua Bermeon, bigarrena eskaileren magalean eta hirugarrena eliza ondoan.

Gaztelugatxera hurbiltzen diren bidaiariek urrunetik entzuten dituzte kanpaiak, beste kondaira batek esaten baitu ermitako kanpaia 3 aldiz hots eginaraziz desirak betetzen direla. Ermitak berez ez du gauza handirik, baina oso politak dira barrualdean eskegita dauden Bermeoko arrantzaleek santuari eskainitako maketak. Elizak aterpea du, igoera nekagarriaren ostean, eseri eta atsedena hartu ahal izateko.

GAztelugatxeko eskaileren bista

Arkitekturak interes berezirik ez badu ere, tokiaren edertasunak betetzen du estetikaren hutsunea. Gaztelugatxe biotopo babestu batean dago eta biodibertsitateaz gozatzeko leku paregabea da. Harrizko hondartza batzuk daude inguruan eta itsaso barea eta itsasbehera daudenean arrantzarako hainbat putzu sortzen dira. Bainatzeko, urpekaritzarako eta piraguan ibiltzeko ere leku aparta da itsasoaren eta faunaren ezaugarriengatik. Gaztelugatxek bi arku natural ditu eta horiek zeharkatzea merezi duen abentura da.

Nola heldu

Gaztelugatxe Bermeon badago ere, errazagoa da Bakiotik heltzea, oinez eta autoz bederen. Garraio publikoari dagokionez, ordea, errazagoa da Bermeotik heltzea Bermeoko udalak auto-pilaketak saihesteko joan-etorri zerbitzua sortu baitu.

Zalantzarik gabe azken zatia oinez egin behar da, eskailerak oinez baino ezin baitira igo, baina autoz hurbil daiteke Gaztelugatxera. autoa uzteko bi leku daude: Bakio-Bermeo errepide zaharreko parking txikia eta Eneperi jatetxeko parkinga. Nik lehen beti gomendatzen nuen Eneperiko parkinga, baina orain zalantza dut ez ote zegoen libreago errepide zaharreko parkinga.

Bakiotik nahiz Bermeotik GR-98a jarraituz hel daiteke Gaztelugatxera oinez. Ez da bide zaila eta ondo markatua dago.

Azkenik, aurretik aipatu bezala, garraio publikoa ere badago. Bermeoko udalak beren beregi jarri du autobus bat eta Bizkaibusen Bermeo-Bakio autobusak ere dezente hurbiltzen du Gaztelugatxera (udan).

Inguruetan

Ezin da Gaztelugatxeraino joan eta Bizkaiko kostaldea bisitatu gabe utzi. Mendebaldera Bakioko hondartza luzea dago, surflarien paradisua, baita bazkaltzeko hainbat toki ere, gehien bat portu aldean.

Ekialdera, Bermeoko arrantzale portua dago, Euskal kostako arrantzale portu garrantzitsuenetakoa. Hor ere hainbat jatetxe eta taberna dago eta merezi du Erdi Aroko kaleetan galtzea. Ekialderago ere Mundaka, Sukarrieta… eta azkenik Gernika daude, Urdaibaiko itsasadarraren ezkerraldean.

Aholkuak eta trukoak

  • Igoera ez da makala, oinetako erosoak eraman. Gainera, Eneperiko bidea hartuz gero lokatza egon daiteke.
  • Magalean iturria dago, baina goian, ez. Ura eta hamaiketakoa eraman.
  • Saihestu turista askoko egunak: Aste Santuko jai egunak, uztailaren 25a, uztailaren 31, abuztuaren 15a…
  • Eneperin oilasko errea jan nahi izanez gero, goiz joan, nagusiki asteburu eta jai egunetan.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu