Praga

Praga Txekiar Errepublikako hiriburua da, baina Txekiar Errepublika errepublika izan baino lehen Austro-Hungariar inperioaren parte izan zen (eta lehenago Bohemiako printzeen egoitza) eta enperadore eta erregeen indarra eta disdira nabaria da.

Pragan bi bereizketa egin daitezke: alde batetik, Praga historikoa eta Praga sovietarra bereiz daitezke eta beste aldetik, Moldava errekaren bi aldeak ditugu. Nik Praga historikoa baino ez nuen ezagutu, periferiako auzoetan altxor ezkutuak daudela badakidan arren.

PRAGAKO ALDE ZAHARRA (STARE MESTO) ETA ERLOJUA

Praga esatearekin batera erloju astronomikoa etortzen zaigu burura. Ikusgarria da, bai, eta are ikusgarriagoa da orduro mugitzen diren irudiak dantzan hasten direnean.Erlojua Pragako udaletxeko Hegoaldeko horman dago eta oso arrunta da bost gutxietan turista andana biltzea erlojuaren azpian ikuskizunaz gozatzeko. Erlojua, ordea, ez da Pragak duen gauza erakargarri bakarra.

Pragako udaletxe zaharreko erloju astronomikoa

Udaletxea plaza handi batean dago, Hiri Zaharreko plaza, hain zuzen ere. Merkatu plaza horren inguruan eraiki zen Praga zaharra eta etxe aberatsek erakusten dute merkatariak aise aberastu zirela plaza horretan. Ezaguna da bebai gaztelu inguruan bizi ziren nobleen eta merkatarien arteko borroka. Borroka horren aztarnarik nagusiena etxe baten atzean, patio batean, ia lekurik ez zegoen leku batean merkatariek eraiki zuten eliza. Ezin ziren gazteluko katedralera joan eta eurena eraiki zuten.

Hiri zaharra Moldava errekaraino heltzen da eta auzo judutarrarekin eta Hiri Berri barrokoarekin egiten du muga. Ibai ertzetik paseatzea ere aukera ona da, nagusiki iluntzean eta eguraldi ona egiten duenean. Hainbat tabernatxo daude ibai ertzean eta guztiak dira aukera ona lagunekin garagardo bat edan eta ilunabarra ikusteko.

Ibaiaz ari garela, ezin dugu Karluv Most, Karlosen zubia, ahaztu. Zubi honek Hiri Zaharra eta Auzo Txikia batzen ditu XV. mendetik eta turista piloaz gain (zeharkatzea ezinezkoa egiteraino) 30 estatua barroko ere baditu, zubiaren bereizgarri direnak.

HIRI BERRIA (NOVE MESTO)

Hiri Berria noraino zabaltzen den ez dakit ziur eta kostata proposatuko nuke ibilaldi markatu bat hemendik, baina hainbat perla gordetzen dituela gogoan dut eta aurkitzera animatzen zaituztet:

  • Kafkaren burua. eskultura metaliko distiratsu hau Franz Kafkaren busto birakorra da. Hamarkadak daramatza bueltak ematen eta Pragaren ikur modernoetako bat da.
  • Beste eskultura xelebre batzuk: ziza erraldoiak, Zeledon moduko gizon aterkidun hegalariak, zaldi eta guzti buruz behera dagoen zalduna… Susmoa dut pragarrek ez duten absinta gehiegi hartuko…
  • Art decó etxeak.
  • Etxe dantzariak

PRAGA JUDUTARRA

Historikoki judutar asko izan ziren Pragan eta hainbat lekukotasun dago hori agerian uzten dutenak. Ezaguna da Pragako ghettoa. Lehen bistan Praga zaharreko auzo arrunt bat izan daiteke, baina laster konturatzen gara hor zerbait bitxia dagoela. Konturik argiena hilerriak dira. Badaude harlanduz betetako lorategi modukoak. Hilarriak bata bestearen gainean daude ia ia eta badirudi ez dagoela gehiagorako tokirik. Ghettoa itxia zenez eta hilerriak egiteko leku gutxi zegoenez, praktikoki hildakoak bata bestearen gainean pilatzen zituzten. Adierazgarria da ere espaloia baino askoz ere gorago daudela harlauzak. Zenbat gorpu egongo ote dira azpian?

Pragako hilerri judutar bat

Hilerrien espaloiarekiko altuera are eta deigarriagoa da Sinagoga bezalako eraikinen teilatua espaloitik hain hurbil ikustean. Badirudi espaloiaren maila igotzen joan dela eta eraikin zaharrak “jan” egin dituela. Ez nuen sinagoga barrutik ikusi, beraz, norbaitek bisitatu badu, eskertuko nuke informazioa elkarbanatuko balu.

Pragako ghettoak gainera badu zabalgune bat. Antza, naziek judutarren zoologiko moduko bat egin nahi izan zuten, galdutako herri baten babestutako lagin baten bezalakoa gorde nahian edo. Kale zabalak eta txukunak dira hauek eta eraikinen hormetan Daviden izarrak eta etxe bakoitzean bizi zirenen lanbideari erreferentzia egiten dieten irudiak daude. Gaur egun nahiko auzo normala da, baina eraikinetako irudiek hor judutarrak bizi zirela gogorarazten digute.

PRAGAKO GAZTELUA ETA AUZO TXIKIA

Auzo txikia (Mala Strana) edo gazteluaren beheko aldea oso leku atsegina da: hainbat jatetxe dago, tabernak… arratsaldea erreka ondoan igarotzeko aukera ona izan daiteke. Bestalde, txekiar nobleen palazioak ere ikus daitezke, Txekiako potenteen aberastasunaren seinale.

Gaztelura igotzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Zaila ez bada ere, eskailera dezente igo behar dira eta bide nagusitik igota ilara ere egin behar da, segurtasunaren izenean gazteluaren esparrura sartzeko kontrolak baitaude. Gaztelua barrokoa da, kanpotik behintzat (palazio deituko nioke nik gaztelu baino), baina ez nintzen barrura sartu eta ezin gehiago esan. Deigarria iruditu zitzaidan, ordea, zenbat jende zegoen, ez zen batere erraza izan gaztelura hurbiltzea.

Gazteluaren esparruaren erdialdean Pragako katedrala dago. San Vito katedralera sartzeko ilara egin ostean, haren beirateez goza daiteke, sarreratik behintzat, bisita osoa ordaintzekoa baita.

Praga zaharra eta Karluv Most

Errekako alde horretan jarraituta, apur bat iparralderantz sobietar itxurako parke bat dago: Letna parkea. Parke arrunt bat da, baina metronomo erraldoi bat du eta nahiko bista txukunak daude.

PRAGA GAUEZ

Praga garagardoaren kapitaletako bat dela ezin ukatu. Litro erdiko pitxarrak husten abilentzako paradisua, zalantzarik gabe. Edonon dago garagardoa eta edonon da merkea. Edari gogorragoak gustuko dituztenentzat ere, aukera franko dago Pragan absintategiak han-hemenka daudelako. Absintarekin, ordea, kontu handia izan behar da, ez bakarrik mozkorragatik, turistak engainatzeko hainbat trikimailu erabilita absinta ez diren edabeak saltzen baitituzte batzuek.

Kaleetako ikuskizunez gain, diskotekak ere barra-barra daude eta nahiko merkeak dira. Zer gehiago behar da?

GASTRONOMIA

Txekiako gastronomiak bi ardatz ditu: txerrikia eta aurretik aipatutako garagardoa. Europa erdialdeko gastronomia tipikoa, hain zuzen ere. Hainbat jatetxe tipiko dago Pragan txekiar gastronomia dastatzeko, ez dakidana da, ahoa zabalik utziko zaituzten platerik aurkituko duzuen. Baina gozo dago.

Bazkaldu edo afaldu baino lehen gose izanez gero, trdelnikak proba ditzakezue. Egurrezko zilindro baten inguruan kiribildutako orez egindako kanela zaporedun gozo hau Pragako kaleetan nagusi da eta merkatuetan erraz aurki daiteke.

AHOLKUAK ETA TRUKOAK

  • Beti utzi behar da eskupekoa. Beti, beti; garagardoa eskatzean ere bai. Zorionez, herrialde merkea da.
  • Garraio publikoan doan ibil zaitezke (ausartzen bazara!).
  • Larunbatetan dena dago itxita auzo judutarrean. Bisita aurrez antolatzea gomendatzen dizuet.
  • Pragan bizi den lagunik izan ezean, erlojuaren inguruan bereziki, “walking tourrak” egiten dituzten gidak aurki daitezke. Gida hauek eskupeko baten truk hiria erakusten dute eta ez dira aukera txarra hiriaren bitxikeriak ezagutzen baitituzte.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu