Murtzia

Lanak Murtzia kapitalera ekarri nau oraingo honetan. Lanak ekarri nau eta ni gai izan naiz heltzeko; izan ere, ez baita batere erraza Murtzian murtziarrekin batera gidatzea. Baina, tira, heldu naiz eta Murtziaz gozatu ahal izan dut. Oso sentsazio atsegina izaten ari naiz hiri honetan, egia esan.

Murtziak duen onena klima da; beroa egiten du, bai, baina nahiko eramangarria da, erdiguneko kale estuetan gerizpea da nagusi eta ez da bereziki hezea. Iluntzean terraza batean garagardo fresko bat hartzea paregabeko plazera da. Gainera garagardoa nahiko merkea da.

Arkitekturaren aldetik, ordea, askotan entzun izan da Murtzia nahiko itsusia dela. Ezin diet arrazoia besterik eman. TVEk “Murcia, ¡qué bonita eres!” aldarrikatzen badu ere, kapitala bederen ez da. Penintsulako beste hainbat hiri bezalakoa da eta beste hiri askotan bezala (Valentzian, esaterako) monumentu historikoak eta inolako gusturik gabe eraikitako etxebizitzak txandakatzen dira.

Etxebizitzak oro har alde batera utzita, Murtziako monumentuak behitzat behin ikustera gonbidatu nahi zaituztet, batzuek benetan merezi baitute. Guztien gainetik gailentzen dena katedrala da. Fatxada barrokoa du, baina rosetoi gotiko bat eta metalezko eta alabastrozko kubo bat ere ikusi dut alde batean eta hainbat eraikin atxiki zaizkionez historian zehar nahiko irregularra da. Kanpandorrea teilatuen gainetik altxatzen da eta iluntzean bisitatu daiteke. Polita izango al da Murtzia teilatuen gainetik? Barrualdea ez da bereziki polita: koroko eserlekuak gotikoak dira, baina kaperak ez dira ezer deigarria. Kapera bat salbu: Veleztarren kapera. Veleztarren kapera Espainiako Nazio Monumentua izendatu zuten 1928an eta ondo merezia du izendapena.

Murtziako katedraleko fatxada nagusia

Katedralaren plaza berean Apezpikuaren Egoitza eta udaletxearen zabalkundea daude, baita turismo bulegoa ere. Udaletxea edifizio moderno berria da eta kontraste handia sortzen du katedralaren aldean. Moneoren diseinua da eta lehen begiratuan lekuz kanpo dagoela ematen badu ere, bigarren begiratuan ulertzen da bere xarma. Plazan hainbat terraza ere badago eta goiz-goizetik toldoen gerizpean gosaltzen duten murtziarrak asko eta asko dira.

Hiriko arkitekturaren bigarren mugarria kasino zaharra da. Estilo eklektikoko eraikin hau Traperia kalean denda artean erdi ezkutatuta dago. Espainiako bandera handi batek, ordea, argi uzten du aisialdi toki honen kokapena. Banderak alde batera utzita mende hasierako art-decó fatxadaz gozatzeko parada dago kaletik bertatik. Fatxadan bertan ere bi leiho handietatik antzeman daitezke bi irakurketa gela, zeintzuetan tirantedun gizon zaharrek egunkaria irakurtzen baitute. Atea zeharkatuta areto arabiarrera heltzen da. Estilo eklektikoko eraikina da eta patio erromatar baten itxura duen aretoa dago jarraian, Versailles estiloko dantza aretoa, gela modernistak… Jatetxea ere badu eta eguneko menua 18 € ingurukoa da. Hori bai, jatetxera sartzeko hobe atzeko atetik sartzea, bestela 5 € ordainu behar dira (audiogida barne) eraikinean sartzeko. Nik kongresuko afarian ezagutu nuen kasinoa eta doan sartu eta afaldu nuen, lanak batzuetan merezi du!

Murtziako kasinoko areto arabeko detailea

Hirugarren eraikinik esanguratsuena Romea antzokia da. Kanpotik txukuna, barrutik ez dakit. Plaza batean dago eta nahiko leku atsegina da. Ikusten denez, Murtzia gehiago da terrazeoaz gozatzeko hiria.

Murtziarrak eurak ezagutu nahi dituztenentzat plan polita da Trapería kale inguruetako dendetatik eta Las Verónicaseko merkatutik buelta bat ematea. Bestela, terrazetan aurkituko dituzue murtziarrak tapeoan.

Trapería kalea

Erreka inguruko paseoa ere polita izan daiteke eguzkiak gogor jotzen ez duenean. Segura ibaia mantso doa Murtzia zeharkatzean eta hainbat hegaztiren etxea da. Ibai ertzean Lorategi Botanikoa aurki dezakegu ere. Parke atsegina da eta errekaren aldean pitxiritxiak saltzeko etxolatxo batzuk ere baditu.

Erdigunetik aterata Murtziako Ortura hel gaitezke. Jakin izan dut debalde aloka daitezkela bizikletak eta behin Europako supermerkatuak ia esklusiboki ornitu zituen landetara erraz heldu daiteke ibaia jarraituta.

GASTRONOMIA

Ez naiz nekatuko errepikatzeaz: Murtzia tapeoaren paradisua da. Ez da bereziki merkea, garestia ez bada ere, baina ia egunean 24 orduz mantentzen den tenperatura atseginak tapeora gonbidatzen du. Penintsula osoan ezagunak eta ohikoak diren anoa tipikoez gain (brabak, urdaiazpikoa, gazta, rabak, montaditoak, tostak…), Murtzian tipikoak diren zarangolloa eta morkoia nabarmendu daitezke. Lehena kuiatxoz eta arrautzez egindako nahasketa da eta bigarrena txerriki espeziadun mota bat. Harrigarria bada ere, olagarroak ere badu bere tokia Murtziako gastronomian eta aitortu behar dut nahiko gustu handiz prestatzen dutela.

Gastronomia murtziarrak baditu, gainera, hainbat plater ohiko ere. Niri bereziki gustatzen zait Murtziako entsalada. Belgikan bizi nintzenean probatu nuen lehenengoz eta bidaia honetan hainbat aldiz eskatu dut. Tomatea, kipula, atuna, olibak eta arrautza egosia ditu, entsalada gozo batentzako errezeta perfektua. Arroza ere tipikoa da Murtzian. Normalean ortuariekin prestatzen dute eta paella itxura izaten du. Postrerako paparajoteak dira janari tipikoenetakoa. Limoiondo hosto rebozatu eta firjituak dira. Azukrea jartzen diete gainetik eta aste santuan jaten dira normalean. Nik probatu nahi izan nituen, baina jatetxean amaitu zitzaizkien. Zelakoa izango ote da limoiondo hosto frijitua jatea?

AHOLKUAK

  • Arroza normalean enkargatu behar da jatetxeetan
  • Jantzi freskoak ekarri oso tenperatura atsegina egiten baitu
  • Ez dira oso puntualak turismo bulegoa zabaltzen
  • Kontuz gidatu
  • Avenida de la faman aparkatu (baina kontuz gorrillekin)

BONUS TRACKS

El Parlamento Andaluz tabernan komunean pixa egiten duzun bitartean txisteak kontatzen dizkizute. Ez dakit onak edo txarrak diren, ez bainaiz sartu. Dena den, pixa egin eta barre egitea ez dakit oso ideia ona den eta ez dakit komuneko lurra oso garbi egongo den…

Azkenik, Murtzia ez zuten birkonkistatu, konkistatu baino. Hau da, Murtziara heltzen lehenak musulmanak izan ziren, eurak izan baitziren Segura ibai ondoko lurrak lehortzeko gai izan ziren lehenak. Hiri handi eta babestua eraiki zuten eta aberastu ere aberastu egin ziren Erdi Aroko Murtziako biztanleak. Gaur egun gutxi geratzen da jatorrizko Murtzia horretatik, baina harresi zati batzuez gain, posible da oso ondo kontserbatutako patio musulman bat, bere putzu eta guzti, ikustea. Hori bai, patioa ikusteko sex shop batean sartu behar da. Ausartuko al zarete?

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu