Segovia estaldurarik gabe

Gaztela zabala da distantziak handiak dira, herriak txikiak eta eguzkiak gogor jotzen du. Eta leku askotan ez dago mugikorrerako estaldurarik. Nire lagun batzuk dezente agobiatu ziren kontu horrengatik; nik lasaitasuna sentitu nuen! Izan ere, gustatzen zait deskonektatzea eta arreta guztia bidaiari eskaintzea. Batek pentsatuko du Segoviak ez duela eskaintzeko askorik eta arreta askorik ere ez zaiola jarri behar, baina ez da soilik akueduktua, ez da soilik txerrikume errea, Segovia handia da eta handia bezain anitza. Sarrera honetan Segoviako Iparraldean ikusitakoa islatuko dut, Euskal Herritik nahiko hurbil eta asteburua igarotzeko aukera paregabea.

SEPÚLVEDA

Sepúlveda inguruetako herri garrantzitsuena da. Erdi Aroko herri hau magal batean eraiki zuten eta sasoi onean egon behar da goraino igo ahal izateko. Harresia, elizak, plaza… Merezi du Sepúlvedatik buelta bat ematea, baina are gomendagarriagoa da herriko figoi batean arkume bat bazkaltzea.

Sepúlvedako plaza

HOCES DEL RÍO DURATÓN (DURATÓN IBAIAREN ARROILA)

Sepúlveda ondoan parke natural bat hasten da Duratón ibaiaren inguruan. Ez da edonolako arroila, oso meandro markatuak ditu eta oso sakona da. San Frutoseko begiralekutik ederki ikusten dira errekaren bihurguneak eta inguruetan hegaka dabiltzan saiak. Duratón ibaiak, ordea, ikusmiraz gozatzea baino aukera gehiago eskaintzen ditu: San Miguel de Bernuy herrian piraguak alokatzeko aukera dago eta Sepúlvedatik aterata 10 km-ko ibilbidea egin daiteke ibaiaren ertzetik.

Duratón ibaiko meandro bat San Frutosetik

HERRI GORRIAK ETA HERRI BELTZAK ETA AYLLÓN

Ayllóneko zerraren inguruan Segoviako herri gorriak eta beltzak eraiki zituzten. Herri horien izena etxeen harrien koloretik dator. Madrigueran eta Villacortan, esaterako, etxeak gorri-gorriak dira eta Becerril, Serracín eta El Muyon harri beltzezkoak dira etxeak. Gaur egun jende gutxi bizi da herri hauetan eta etxe askotan pare bat horma baino ez dira geratzen. Isiltasuna da nagusi; oso herri lasaiak dira, hain lasaiak ezen biztanleek agurtzen baitzaituzten eta zertara joan zaren gadetzen baitizuten. Ikusi genituenetatik politena, zainduena eta ziurrenik deigarriena Madriguera da. Ziurrenik horrek izango ditu zerbitzu gehienak: landetxeak eta pitiminizko taberna bat.

Madriguerako etxe gorriak

Inguruko herri nagusia Ayllón da. Arkupedun plaza guztiz gaztelarra du eta horren inguruan hainbat etxe noble aurki daitezke. Oso ondo zainduta dago herria eta ez dago bereziki masifikatua. Merezi du ikustea eta paseo bat ematea.

INGURUETAN

Segovian inguruak aipatzea inguruak zabal ulertzea da, baina autoa izanez gero eta bidaia patxadaz hartuz gero, hainbat leku bisita daitezke: Riazako plaza, zezen plaza ere dena ziurrenik, eta inguruko arkupeak; Peñafiel eta hango ardoak eta Cuéllareko plaza eta diskotekak animatuenentzat. Ez ginen gelditu baina susmoa dugu Fuentidueñako harresia eta gaztelua ere ikusgarriak izan behar direla. Etxera bidean San Esteban de Gormazen ere geldi zaitezkete, adibidez.

AHOLKUAK

  • Sepúlvedan arkumea jan nahi izanez gero, aurreko egunean erreserbatu behar da.
  • Saien ugalketa garaian Hoces del Río Duratón parkean sartzeko baimena eskatu behar da.

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu