Bilboko Guggenheim museoa

Bilboko Guggenheim museoak 20 urte bete ditu. Gaztea banaiz ere, gogoratzen dut museoko obrak hasi baino lehen inguru hark zuen itxura: fabrika zaharrak, parking bat, trenbidea… Deustuarrok Deustuko zubia gurutzatzean ez genuen ezer ikusten Arte Ederren museora heldu arte. Gaur egun, ordea, guztiz aldatu da erreka ondoko paisaia; “Guggenheim efektua” deitzen diote. Ezer gutxi geratzen da Bilboko paisaia industrialaz, Euskalduna jauregiko erdoila eta garabi moduko farolak kenduta, baina ordainetan itsasadarraren bi aldeetan aisialdirako esparruak eta pasealeku ederrak irabazi ditu hiriak.

Guggenheim Arrupe zubitik

Museoaren 20. urteurrena dela eta, Bizkaiko Aldundiak 18 urtetik gorako bizkaitarroi Guggenheimerako sarrera bat oparitu digu eta aprobetxatzea erabaki dut. Izan ere, ez naiz ni bereziki Guggenheim zalea, sarrera arruntak 13 € kostatzen du eta ilara egitearekin trauma bat dut 12 urterekin Parisen egon nintzenetik. Baina denok dakigu pertsona batek zerbait egin dezan bi aukera ziur daudela bizitza honetan 1) eginarazi nahi denaren aurretik “ezetz ausartu…” (edo baliokide ez hain finak) edo 2) “Doan” kartela jartzea. Eta joan naiz.

Ez dakit audiogida hartzea gomendatu edo ez. Nik ez dut hartu, baina ez dakit gida hartuta hobeto ulertuko nituzkeen “artelanak”. Ez dakit zenbateko azalpena izan dezaketen Serraren xaflek ezta Albersen alfonbrek. Bai, alfonbra erakusketa bat dago. Oso politak, aitortzen dut, gustora jarriko nituzke etxeko egongelan, baina alfonbrak ziren azken finean.

Oteizaren, Warholen eta Kieferren pieza batzuk ere badaude. Kieferren eguzkiloreak gustatu zaizkit. Lamina polit batuk ere ikusi ditut, gutxi ulertu badut ere. Gehien harritu nauena, dena den, zenbat ikus-entzunezko batu diren garai honetan. Jacobsen 3Dko “bideo” bat ikusi dut eta ez dakit bideoa horrelakoa zen ala ataskatu egiten zen. Gainera, 3Daren hori ez zen gehiegi nabaritzen, ala ni naiz ondo ikusten ez duena? Bill Violaren atzerabegirako bat ere egon da. Kuriosoa. Baina are kuriosoagoa jendearen jarrera: ulertzen saiatzen zen jendea… Nik azalpena irakurri behar izan dut ezer ulertzeko. Aparte, tipoa artista bat bideo edizioan, ezin ukatu.

Hau idazten ari nintzela konturatu naiz, Serraren xaflez gain, Guggenheimeko instalaziorik ezagunenak ez daudela inolako gelatan. Hallean gorantza igotzen diren letra gorri eta urdindun zutabe horiek daude, urmaelaren inguruan Anish Kapooren burbuilak eta tulipanak, metalezko puxikak diruditen horiek, eta sarrera nagusiaren aurrean, txintxo-txintxo etxeko atea zaintzen, Puppy.

NOLA HELDU

Bilbo nahiko ondo komunikatuta dago. Loiuko aireportu internazionalaz gain, hainbat autobus zerbitzuk lotzen dute hiria Europako hiri garrantzitsuenekin. Bilbo eta Bizkaiko garraio publikoak Guggenheimera heltzeko hainbat aukera ere ematen dit: tranbia eta metroa dira egokienak. Dena den, Abandoibarrako pasealekuan dagoenez, oinez heltzea aukera paregabea da.

AHOLKUAK ETA TRUKOAK

  • Batzuetan ilarak egiten dira, denboraz joan
  • Astelehenetan itxita dago
  • Batzuetan doan da (baina ilara handiak sortzen dira)
  • Audiogidak doan dira (uste dut)

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu