Paris – Postaletan agertzen ez direnak

Batzuetan zaila badirudi ere, Parisen jende arrunta bizi da: hirian lan egiten dute, ikasten dute, erosketak egiten dituzte… Eiffel dorrea hor ez balego bezala. Eta niri pila bat gustatzen zait tokiko jendea nola bizi den ikustea. Lehen lotsa ematen zidan turista itxuraz horrelako lekuetan ibiltzea, baina turista izateak ematen dizun askatasuna deskubritu dudanetik argazki makina eta mapa ahalik eta agerien eramaten ditut beti, gustatzen zait jendeak “zer demonio?!” pentsatzea euren auzoetan ikusten nautenean.

MARCHÉ D’ALIGRE

11. arrondisementeko merkatua da Aligrekoa. Blog batean irakurri nuen paristarrak merkatu horretara maiz joaten zirela horko fruta eta ortuariak hiriko onenak eta merkeenak zirelako. Nik ez nuen hainbeste jende ikusi eta ez zitzaidan hain handia iruditu, baina badu bere autentikotasuna. Sentsazioa etxean egotea bezalakoa zen, oso leku “arrunta”, jatekoen aldean behintzat. Baditu kuleroak eta etxeko bata arrosak saltzen dituzten pare bat postu ere baita bigarren eskuko gauzen esparru bat ere plazatxo batean. Egia esan, zaborretatik hartutako gauzak ziren eta ez dut uste inoiz benetan merezi duen pagotxarik saldu denik hor. Nik, ordea, alkandora hawaiar bat behar nuen eta hara non aurkitu nuen arropa zaharren meta handi batean egundo ikusitako alkandora hawaiarrik hawaiarrena. Nork eramango zuen nik baino lehenago?

Merkatu hau egunero dago zabalik astelehenetan salbu.

GEORGES BRASSENS PARKEKO LIBURU MERKATUA

Metroa hartu eta Convention geralekutik hurbil Georges Brassens parkea dago. Auzoa guztiz auzo normala da, baina parkeko tinglatuetan bigarren eskuko liburuen merkatua dago. Saltzaileak oro har nahiko xelebreak dira itxuraz eta kuriosoa da nola elkartzen diren beren artean liburuei bizkarra emanez, baina hala eta guztiz ere, erosleak ertsiki jarraituz. Liburu gehienak frantsesez daude, normala denez, eta edozein motakoak dira: zaharrak eta berriak, eleberriak (gehienak), poesia, komikiak, saiakera…, batzuk merkeak (1 €) eta beste batzuk ehundaka eurokoak. Oso giro lasaia dago eta ez da plan txarra larunbat eta igandeetako bazkalondorako.

Georges Brassens parkeko liburu merkatua

BESTE MERKATU BATZUK

Paris horren hiria handia izanik hamaika merkatu dago; hemen baino hobeto deskribatzen dituzten blogak bilatzera gonbidatzen zaituztet. Beste bidaiari batzuen gomendioen artean Belleville eta Enfants Rougeseko merkatuak aurkitu genituen. Lehena janari merkatu bat da eta bigarrenean hainbat herrialdetako gastronomia aurki daiteke.

HONDARTZAK

Paris nahiko iparraldean badago ere, udak beroak izaten dira han eta itsasertz hurbilena hainbat kilometrora egonik, paristarrek Sena ibaiaren eta hainbat kanalen ertzak erabiltzen dituzte hondartzak bailiran. Hôtel de Ville inguruan, La Villeten eta Pont Neuf inguruan batzen da jendea eguzkiak gogor jotzen duenean. Ez dakit, ordea, inor animatuko den Senako uretan freskatzera.

 PARISTARREN PARIS

Paristarrak merkatura eta hondartzetara joaten dira, baina auzo bizitza ere egiten dute. Pere Lachaise hilerria ikusteko, XX. barrutian agertu ginen eta ibili eta ibili XIX. barrutira heldu ginen. Auzo arrunt bat, jende arrunta kaletik, taberna arruntak eta garagardo eta kakahuete arruntak. Bitxia zen, ordea, nola begiratzen zigun jende arrunt horrek gure garagardo arrunta edan genuenean. Dibertigarria izan zen. Barruti horretan dago Buttes Chaumont parkea, polita eta ondo zaindua, paseorako zein korrika egiteko ederra.

TXOKO LASAI BAT, PLACE DES VOSGES

4. barrutian lasaitasun oasi bat dago, Place des Vosges. Etxeen arteko lorategi karratu bat da eta ez du ezer berezirik ez bada petanka zelaiak dituela. Petankara jolastu edo ez, oso leku atsegina eta lasaia da, inguruan Paris ez balego bezala.

Place des Vosges

JAN ETA EDAN

Paris bisitatzean eskina bakoitzean bistro bat dagoelako sentsazioa sortzen da. Karta laburra, toldodun terraza eta prezio garestixeak dituzte jatetxe tipiko horiek. Horrelako hainbat aurki daitezke Montorgueil kalean. Kale horretan batzen dira paristar gazteak arratsaldeetako 2x1a aprobetxatzeko edota bistro batean afaltzeko. Bistroak jatetxerik tipikoenak izanik ere ez badira zuen gogokoak, kale horretan munduko hainbat gastronomia dastatzeko aukera ere izango duzue.

Egia esan, Paris osoan jan daiteke munduko edozein tokitako janaria. Jtetxe txinatarrak, turkiarrak, libanesak, arabeak, indioak… egunero kontinente batean afaltzeko aukera dago. Hala ere, otordu arin bat egin nahi izanez gero sandwichak nonahi aurki daitezke eta merienda gozoa hartu nahi izanez gero, milaka kreperia daude hiritik sakabanatuta.

Iluntzean St. Martin kanalera hurbiltzera gonbidatzen zaituztet. Kreperiak eta jatetxe txikiak daude ubidearen behekaldean, baina zenbat eta gorago egin, orduan eta parrandarako leku gehiago aurkituko dituzue. Valmyko kaian Point Éphémère taberna dago. Hainbat garagardo artisau ditu tiradoreetan eta gauetan DJak aritzen dira. Berlinen itxura hartu nion apur bat oso jende modernoa baitzegoen egon ginenean.

 

 

Leave a Comments

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu