Abadia jauregia

Hendaia inguruko itsaslabarretan ipuinetakoa dirudien jauregia dago. Harri grisezko eta teilatu beltzeko eraikina ondo moztutako belar berdearen gainean altxatzen da ozeanoari begira. Antoine d’Abbadieren bizitoki eta lantoki izan en hori XIX. mendearen amaieran eta gaur egun ere jabearen bizitzaren isla da. Antoine Euskal Herriak eman duen ikusmin handieneko pertsona izango da agian. Bizitza osoa han-hemenka hango eta hemengo gaiak aztertzen pasa zuen eta ikerketa horien guztien aztarnak aurki daitezke bere etxean.

Antoine d’Abbadie

Antoine d’Abbadie (1810-1897) aita euskaldunaren eta ama irlandarraren semea zen eta ikasketaz zientzialaria (zentzu zabalean) zen. Bere zientzia ezagutzak Frantziako Zientzien Akademian sartzea ahalbidetu zion eta Akademiarentzat munuko hainbat lekutan egin zituen ikerketa-lanak.

Atzerrian egindako lan ezagunena Etiopiari buruzko azterketa izango da ziurrenik. Etiopian 12 urte igaro zituen eta hizkuntza ikasteaz gain (bizitzan zehar 14 ikasi zituen!), herrialdearen administrazioan garrantzia handia izan zuen. Egonaldi hartako oroitzapen ugari ekarri zituen Euskal Herrira eta Hendaiako labarretako egoitzan leku pribilejiatuetan jarri zituen.

Etiopiatik bueltan Virginierekin ezkondu zen, emakume jakintsu eta interesgarria. Harrezkero 49 urteko gizona zen, baina sekula ez da berandu ezkondu nahi duenarentzat. Jauregian bizi izan ziren eta han pasa zituzten beren azken urteak. Antoinek bere egunak astronomiari eta lurraren azterketari eskaini zizkion. Abadiako jauregia astronomia-begiralekua ere bada horregatik.

Euskaltzalea ere izan zen eta gutako gehienok Abbadie Lore Jokoen sustatzaile paperean ezagutu dugu. Etnografoa eta euskal kulturaren maitalea zen, nola ez zuen euskarazko kultur sorkuntza sustatuko!

Kanpoaldea

Aipatu bezala harri grisezko jauregi erromantikoa da. Lorategi zainduetan hainbat espezietako zuhaitzek geriza eskaintzen dute eta belar berdearen gainean ilunabar epikoak ikus daitezke.

Abadia jauregia

Lorategiak ederrak badira, etxebizitza ez da gutxiago. Hormek harrizko dekorazioa dute, leiho gotikoak eta animalia exotikoak. Hain zuzen ere, harrizko suge bat ere badago fatxadetako batean.

Barrualdea

Nola deskribatu Abadiako jauregiaren barrualdea gordetzen dituen sekretuak azaleratu gabe? Esperientziaz diot hobe dela jauregira zer aurkituko den jakin gabe hurreratzea. Gelarik gela sorpresak bata bestearen atzetik agertzen dira eta onena izaten da sorpresak momentu egokirako gordetzea.

Hala ere bada zer esan. Gela bakoitzak izaera propioa du, munduko eskina askotako eta garai desberdinetako inspirazioa. Zaila da esaten zein den politena. Gainera, esan dugunez, bizitoki eta lantokia izan zen jauregia eta zientziarako tramankuluak ere hor daude ikusgai. Harrigarria bada ere 70ko hamarkadara arte Zientzien Akademiaren astronomia-begiratokia izan zen.

Bisitak

Joan baino lehen ondo begiratu sarrera-orduak eta egunak. Garaiz joatea ere komeni da azken bisita arratsaldeko bostak inguru izaten baita. Bisitak 9,5 € (gazteentzat 8 €) balio du eta azalpenak frantsesez eta gaztelaniaz egiten dituzte bisitaren arabera.

Hortik hurbil

Lapurdiko kostaldeak ez du aurkezpen berezirik behar, aski ezagunak dira txokorik ederrenak. Hauek dira horietako batzuk:

  • Biarritz
  • Baiona
  • Sara, Ainhoa eta Larrun
  • Donibane Lohitzune eta Ziburu

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu