Soriako Mendebaldea, Osmako lurrak eta inguruak

Aspaldian isilik egon naiz lanak behartuta, baina hilabete hauetan egin ditudan bidaiak kontatzen hasiko naiz berriro. Apurka-apurka, han-hemenka jasotako oharren bidez memoriari eraginda, ezagutu ditudan lekuen berri emango dizuet.

Isiltasunaz ari garela, Soriari buruz hitz egitea ezinbestekoa da. Soria da Espainian kilometro koadroko biztanle gutxien dituen probintzia. Europan ere, populazio-dentsitate txikiena duen eremuetako bat da. Eta bai, isiltasuna da nagusi Soriako herri eta paraje askotan.

Egia esan, jende gutxi biziko da Sorian, baina jai egunetan asko dira bertaratzen diren turistak eta kaleak eta natura jendez betetzen dira. Nahiko logikoa da hori, ordea, Soriak milaka altxor ezkutu ditu nork bisitatuko dituen zain.

Burgo de Osma

Burgo de Osma Soriako herririk handienetakoa da, probintziako mendebaldean erreferentziazko lekua. Mendeetan zehar leku estrategikoa izan da eta nabarmena da Erdi Aroan izan zuen garrantzia. Hain zuzen ere, oso ezaguna da Burgo de Osmako katedrala. Katedralak eta horko apezpikuek historian izan duten garrantzia ezagutzeko katedrala bisitatzea besterik ez dago (2,5 € bisita librean). Katedralaz gain horri itsatsita dagoen klaustroa ere bisita daiteke. Burgoko Pedro Deuna apezpikuaren hilobia dago klaustroari atxikitako gela batean eta bai hilobia bai gela oso era aberatsean daude dekoratuta.

Burgo de Osmako katedralaren dorrea

Katedrala da herriaren erdigunea eta burgotar guztiak inguratzen dira katedralera dendaz beteta dauden kaleetatik. Deigarria da zenbat komertzio tradizionalek jarraitzen duten oraindik zabalik. Turistontzat ere interesgarriak dira gainera Soriako gastronomia ezagutzeko aukera ematen baitigute. Txerrikiak dira nagusi harategietan eta nabarmentzekoak dira txintxortak (torreznoak, badaezpada). Gozozaleentzat ere badago zer dastatu: ezin zarete Burgotik joan gurina gozo lata bat erosi gabe.

Burgo de Osmak duen gauza deigarri bat aisialdirako aukerak dira. Erlaxatu nahi duenarentzat aisia eta historia uztartzen dituen bainuetxea dago. Unibertsitate zaharra atsedenaren tenplu bihurtu da eta benetan merezi du lasaitasun horretaz gozatzea. Martxa nahiago izanez gero, katedral ondoan terraza duen taberna handia duzue Burgoko gazteekin dantza dezazuen. Hala ere, Burgok badu bitxi ezkutu bat: harresitik kanpo, erreka ondoan parke zoragarria du eta parke horretan tirolina bat dago!

Burgo de Osmatik hurbil Gormazeko gaztelua dago. Gormaz herri txiki bat da, baina bere gazteluaren tamainak argi uzten du garai batean jende asko egon zela han gotortuta. Egun gaztelua era librean bisita daiteke, baina kontuz ibili behar da harresietatik ibiltzean.

Berlanga de Duero

Berlanga de Duerok ikusteko hainbat gauza ditu, hala nola kolegiata eta rolloa. Hala ere, guztien gainetik gailentzen dena gaztelua da. Berlangako gaztelua muino batean dago eta handik herria eta inguruko lurrak ikusten dira. Arabiarrek eraikitako gaztelua du jatorrian eta benetan harrigarria da hormen lodiera. Agian horregatik mantendu da hain ondo gaur egun arte. Gaztelu zaharraren azpian, Berlangako markesen palazioaren horma dago. Errenazimenduko palazio erraldoia XIX. mendean suntsitu zuten, baina oraindik ikusgarri dago garaiko lorategien antolakuntza. Biak 3 euroren truke bisita daitezke eta horiekin batera herriaren historiari buruzko bideoa ere ikus daiteke.

Berlanga de Dueroko gaztelua

San Baudelio

San Baudelio ermita ezkutatzeko eta Soriako lurrak zelatatzeko eraiki zen. Hain zuzen ere, errepidetik zoazela ikur gastatu bat baino ez da ermita hor dagoelako aztarna. XI. mendean erresuma musulman eta kristauen arteko gerretan ermitau batzuk inguru horietan batzen hasi ziren hor kobazulo bat baitago. Gerora baseliza erromanikoa eraiki zuten eta gerrak amaitu zirenean komentu txiki bat ere egon zela uste da. Baselizak kanpotik ez du ezer berezirik, estilo erromanikoa nahiko oinarrizkoa izaten da.

Barrutik, ordea, leku zoragarria da. Baselizaren egitura palmera formako zutabe eta arkuek eusten dute eta hormen polikromatuak oraindik ere atzeman daitezke. Era berean, oso deigarria da baseliza barruan mezkitatxo bat izatea, hainbat arkuk koro modukoa eusten dute. Pinturei dagokienez, oso gutxi geratzen dira gaur egun, XX. mendearen hasieran Estatu Batuetara eraman baitzituzten. Egun kaparik sakonena baino ez dago ikusgai, baina sumatzen dira irudiak eta koloreak eta jatorrian zein itxura zuen imajina daiteke. Doan bisita daitekeenez, ez dago harribitxi hau ez ikusteko arrazoirik.

Calatañazor

Donde Almanzor perdió el tambor. Danborra eta, historiak dioenez, guda garrantzitsua ere galdu zuen Almanzorrek Soriako txoko honetan. Badirudi momentu hartatik herria ez dela aldatu: etxe asko buztinezkoak eta egurrezkoak dira eta herriaren puntu gorenean gaztelu bat dago. Soria gazteluz beteta dago, alajaina! Gaztelua doan bisita daiteke eta handik Soriako lurrak aise ikus daitezke.

Medinaceli

Medinaceli bizitzan behin bisitatu behar den lekua da. Harrizko herri hau mendeetan Soriako lurrak zapaldu dituzten herrien isla da, neguko hotzak eta udako eguzkiak ezin izan baitituzte haien aztarnak ezabatu. A ze poetiko jartzen naizen batzuetan!

Hala ere, esan dudana ez dago egiatik oso urrun. Medinaceliko alde zaharrera heltzean ikusten den lehen eraikina hiru begidun arku erromatarra da eta hortik aurrera mendeetan zeharreko ibilbidea luzatzen da kalez kale. Mosaiko erromatarrak, ate arabiarrak, erdi aroko etxeak eta errenazimenduko palazioak. Medinaceliko kaleetatik ibiltzea historian zehar paseoa ematea da.

Cañón del Río Lobos

Lobos ibaiaren arroila aski ezaguna da eta, sona handia duenez, jendez betetzen da asteburu eta jai egunetan. Fama, ordea, ondo merezia du, arroilatik ibiltzen hastea besterik ez dago parajeak duen edertasunaz gozatzeko. Hain bisitatu egiten duen beste arrazoia irisgarritasuna da, hainbat zailtasun-mailako ibilbideak egin daitezke eta hainbat eratara goza daiteke tokiaz.

Natura-parkeko lekurik ezagunena ziurrenik Bartolome Deunaren baseliza da. Kondairak dioenez, tenplarioek eraiki zuten eta mendeetan zehar elizako elementuen sinbologiak zer ezkutatzen duen asmatzen saiatu dira. Azken ikerketek, ordea, kondairak kondairak baino ez direla aditzera eman dute. Hala ere, ezin uka daiteke baseliza erromaniko honen xarma.

Bartolome Deunaren baseliza

Lobos ibaiaren arroilak hainbat begiraleku ditu, bat baselizaren ondoan, baina beste asko errekak arroilaren barruan hartzen dituen 20 kilometrotik gorako ibilbidean. Batzuetara autoz hel daiteke, baina besteetara igotzeko ezinbestekoa da mendirako botak janztea. Dena den, merezi du ahalegina egitea, panoramikaz gain arroilan bizi diren hegaztiak ere ikus baitaitezke horietatik.

Arroilarako sarrera doanekoa da, baina ordainpeko (eta doaneko) parking batzuk daude autoa uzteko. Jendea normalean S. Leonardo de Yagüetik edo Ucerotik bertaratzen da. Azken horretan parkearen etxea dago eta han emango dizuete nahibeste informazio.

Hurbil dauden beste batzuk

Sarrera honetan kontatutakoari gutxi irizten badiozue eta zuen bidaia luzatu nahi baduzue, inguruetan beste hauek bisitatu ahal izango dituzue:

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu