Viena

Dirua sobera banu, astebete (edo gehiago) pasatuko nuke Vienan museoak ikusten eta musika klasiko kontzertuetara joaten. Europan urtero kulturaren hiria aukeratzen dute, baina zalantza izpirik gabe Viena da Europako kulturaren hiriburu finkoetako bat.

Hemen kontatzen dudan Vienako egonaldia bi egunekoa izan zen, gero Pragara jo nuen beste bi egun lagun bat bisitatzera.

Goiz, oso goiz heldu nintzen Vienako autobus geltokira, oraindik eguzkia atera gabe zegoen eta denda eta kafetegi guztiak itxita zeuden. Nire helburu bakarra gosaltzea zen. Beraz, motxila bizkarrean (hala bidaiatzen baitut gehienetan) hiriaren erdialdera jo nuen. Hiri gehienetan bezala, autobus geltokiaren inguruak ez dira batere erakargarriak, baina zenbat eta gehiago hurbildu erdigunera, ikuspegia hobetuz doa. Auzo erresidentzialak pasatu nituen, atseginak zirelako itxura zutenak, lortu nuen gozotegi batean gosaltzea (nola ez nuen Vienan txokolatea eta opil bat gosalduko!) eta turismoa egitera abiatu nintzen.

Viena hiri handia bada ere, erdigunea erlatiboki txikia da eta metroa badago ere ez da asko behar, nik erabili nuena baino gehiago erabiltzea gomendatzen badut ere.

(Eguneraketa: sarrera hau 2016ko abenduan idazten hasi nintzenetik, beste behin ere eraman nau bizitzak Vienara. Bigarren bidaian ikasitakoak ere ekarri ditut sarrera honetara.)

ERDIGUNEA

Erdigunea San Esteban katedralaren inguruan dauden kaleei deituko diet. Hemen ikusten da hiriaren bihotza; vienarrak eta turistak nahasten dira dendaz betetako kaleetatik. A ze dendak, gainera! Ez dakit Viena baino leku hoberik dagoen 35.000 €ko erlojua erosteko! Oporretan diru gutxiago gastatzekoak bazarete, ordea, Viena erdigunean ere baduzue lekua. Elizetara sartzea doan da eta hainbat daude.

Elizak ikusteaz nekatzean, Vienako gaztelu eta palazioak bisitatzeko aukera ere izango duzue. Neguko palazioa, Vienako gaztelua (Hofburg Wien)… enperadoreen gisara sentituko zarete. Nik ez dut ikusi, baina Vienako gazteluan bertan zaldi-hezte ikuskizunak daude. Ikusgarriak omen.

Gaztelutik hurbil Vienako opera dago. Zinez eraikin handia; ezin ukatu inperio baten hiribururako egokia denik. Bertaratuz gero, aise ikusiko duzue operaren programazioa kartel handi batzuetan eta nahi izanez gero sarrerak ere erosi ahal izango dituzue. Ez saiatu, ordea, operako dantzaldirako (ikusi behean) sarrerak lortzen. Hiriko dantzaldi ospetsuenera zortedun bakan batzuk baino ez dira joaten.

Vienako opera

Erdigunea ez da oso handia; oinez egiteko modukoa betiere. Hala ere, nekatuta bazaudete edota enperadore sentitu nahi baduzue, zalgurdiak alokatzeko aukera ere badago. Ez ahaztu nobleziak bezala agurtzea!

DANUBIOA

Vienara heldu baino lehen behin neukan ikusita Danubioa Errumanian eta ez zen urdina, marroi-marroia baino. Vienan ere, beltza edo zen ikusi nuenean; baina, noski, abendua zen, lainoa zegoen… agian udan urdina izango da! Ibaiaren inguruetatik paseo labur bat egin nuen egiten zuen hotzak ez baitzuen paseo luzerik egiterik uzten. Imajinatzen dut leku atsegina izango dela eguraldi ona dagoenean.

Harritu ninduen zenbat kruzero zegoen ateratzeko prest; hamarnaka kontatu nituen. Egia esan, ez zuten oso dibertigarriak ematen ez baitago barkuan bertan ezer egiteko leku handirik, baina ontzi kopuru handiak jende pila bat Danubioan zehar kruzero bat egiteko irrikitan daudela adierazten du.

SCHÖNBRUNN GAZTELUA

Ahoskatzeko zaila egiten bazaizue, Sissiren gaztelua deitu. Vienan bertan dagoen gaztelu erraldoi hau enperadoreen egoitza izan zen eta gaur egun bisita daiteke. Nik kanpotik baino ez nuen ikusi, baina horrek dagoeneko merezi du. Palazioaren tamaina itzela da eta nahiko atzetik begiratu behar zaio osorik ikusi ahal izateko. Gehien gustatu zitzaidana, ordea, lorategiak izan ziren. Gazteluko lorategiak osorik ikustea zaila da, erraldoiak baitira. Egun eguzkitsuetan bertatik paseatzea oso atsegina da, jende dezente egon arren oso zabalak baitira eta zinez edertasunez beteak daude.

Schönbrunn gazteluko sarrera

Ni abenduko goiz eguzkitsu batean izan nintzen Schönbrunnen eta paseatu baino ez nuen egin. Jakin badakit, ordea, udan Austriako Orkestra Sinfonikoak lorategietan kontzertuak antolatzen dituela eta milaka vienar inguratzen dira gaztelura musikaz gozatzera.

Gatelua ez bazaizue nahikoa iruditzen, lorategietan Vienako zooa dago eta inguruetan zientzia museoa ere badago. Umeekin joateko leku paregabea da, beraz.

PRATER

Harrigarria da Vienako parkeen tamaina. Hirian bertan ia egun batean bisitatu ezin diren parkeak daude. Schönbrunn gazteluko lorategiez gain, Prater parkea ere oso ezaguna da eta eguerditik aurrera vienarrez betetzen da eguraldi ona dagoenean. Parke honen ezaugarririk nabariena, ordea, atrakzio-parkea da.

Ez naiz ni oso atrakzio-parke zalea, baina aitortu behar dut merezi duela bisitatzea. Atrakzioak oso txukun daude eta oso deigarriak iruditu zitzaizkidan. Bilboko Etxebarria parkeko barraken sentsazioa izan nuen momentu batzuetan, baina konparaketan aise irabazten du Vienako parkeak.

Eguerdi inguruan zabaltzen dute eta apurka-apurka joaten dira barrakak betetzen. Hor hasten dira ere argiak eta musikak. Ni zabaldu zuten une horretan heldu nintzen eta oso kuriosoa iruditu zitzaidan nola zihoan esnatzen parkea.

Prater
Vienako Praterra esnatzen

MUSIKA

Ezin da Vienaz hitz egin musikari buruz hitz egin gabe. Zehatzago esanda, musika klasikoaz. Bada musikaren museo bat, Urte Berriko kontzertua mundu osoan da ezaguna eta lehenago ere aipatu ditugu Schönbrunneko udako kontzertuak. Baina musikaren presentzia hirian askoz ere harago doa eta bisitaria harritu egiten da (ni behintzat zeharo harritu nintzen), hiriaren erdigune osoa asteko edozein egunetan kontzertuetara joateko sarrerak saltzen dituen jendea ikustean. Kapa gorri luze batzuk daramatzatelako ezagutuko dituzue. Kontzertuek 18 € inguru balio izaten dute eta ez dakit merezi duen, ni ez bainintzen joan.

GASTRONOMIA

Agian austriar gastronomiaz pentsatzean ez dugu buruan munduko sukaldaritzarik onena, baina behin arakatzen hasita gustura jango genituzkeen hainbat plater eman dizkigula deskubritzen dugu. Europa erdialdeko itsasorik gabeko herrialdea izaki, espero izatekoa da haragi asko eta arrain gutxi egotea. Vienan, adibidez, ezagunak dira wiener saltxitxak, baina are ezagunagoak dira schnitzelak. Schnitzela txerriki xerra ogiztatua da. Nori ez zaio hori gustatuko? Niri deigarria egiten zaidana da hain plater sinplea izatea hiriaren gastronomia ikurra. Normalean schintzela ondo eginda badago samurra da eta gustura jaten da. Hala ere, beti lagun dakioke garagardo batekin. Jatetxeetan hainbat garagardo egoten dira aukeratzeko, edozein da ona.

Postrerako, ez dago Sacher tarta baino aukera vienarragorik. Berriki Comtessa berrizendatu duten tarta izoztua badatorkizue burura, guztiz erratuta zaudete. Sacher tarta erdian marmelada duen txokolatezko tarta da. Vienan tipikoa da txokolatea eta tarta honek txokolatezko bizkotxoa eta estaldura ditu. Tartari kafearekin lagun dakioke. Vienan oso kafezaleak dira eta hainbat barietatetakoak eskaini ohi dituzte.

DANTZALDIAK

Viena eta dantza esanez gero, balsa datorkigu burura; Danubio urdina… Egia esan, ez naiz besterik izendatzeko gai, baina zalantzarik ez dut Viena eta balsa lotuta daudela. Hala ere, ez nekien lotura hori norainokoa zen. Negu garaian ienako hainbat elkartek eta instituziok galak eta dantzaldiak antolatzen dituzte. Horietan gizonak pinguinoz janzten dira eta emakumeak Sissiz eta dantza egiten dute. Ez dakit nola hain arropa deserosoekin, baina dantza egiten dute. Gainera, “puesta de largo” deritzenak egiten dira eta gizarteko gaztetxoei pasilloa egiten diete.

Batzuetan sarrera lortzea oso zaila da, izan prezioagatik (200 € oso prezio normala da) edota eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa delako. Gainera, batzuetan, unibertsitatekoetan adibidez, nolabaiteko lotura izan behar da sarrera lortu ahal izateko. Hala ere, batera joan nahi izanez gero, batzuk publikoak dira eta edonor joan daiteke. Hain zuzen ere, jakin nuenagatik pertsona batzuek beren oporrak dantzaldi zehatz baten arabera antolatzen dituzte eta Vienara joaten dira. Aitortu behar dut aukera izan nuela dantzaldi batera joateko eta ez nintzela joan, txarto egin al nuen?

MUSEOEN AUZOA ETA UDALETXEA

Museoen auzoak, izenak ondo adierazten duenez, museoak ditu. Historia naturalekoa eta artearen historiarena dira handienak eta esanguratsuenak baina beste hainbat ere badaude. Nik historia naturalekoa ikusi nuen eta harritu ninduen zenbat jende zegoen ikusteak. Ez dakit eguraldiagatik den, baina pila bat austriar zegoen museoen auzoan. Museoa oso ondo dago eta sorpresa handia hartu nuen Willendorfeko venusa hor zegoela ikustean. Beti gustatu izan zait emakume potolo horren iruditxoa. Horregatik bakarrik merezi izan zuen bisita. Horregatik eta australopithecus bihurtzeko simulatzailea ere proba zitekeelako. Hona hemen nire urrutiko arbaso baten argazkia. Gustu ona zuen betaurrekoak aukeratzeko.

Nire arbaso zaharra

Gure herrietan eta hirietan neguan kanpoaldeko izotz pistak jartzen dituzte batzuetan, baina horiek ezin konpara daitezke Vienako udaletxean jartzen dutenarekin, ez tamainagatik ez edertasunagatik. Hain garestia ez balitz, gustura ibiliko nintzateke patinatzen bideetatik. Zehazki, izotz pistara sartzeak 7,5 € balio zuen eta patinen alokairua beste 7 € ziren (2018). Hori bai, egun osoko sarrera da, zenbat aldiz eror zaitezkete tarte horretan?

VIENATIK MUGITU

  • Aireportutik erdigunera hainbat autobus heltzen dira. 240 autobusa ordu erdiro ibiltzen da. 2018an 8 € balio zuen bidaiak.
  • Metro eta tranbia sare zabala du Vienak. 2018an metroak 2,40 € balio zuen.
  • Oinez ibiltzeko tamaina egokia du.
  • Bizikletak aloka daitezke eta bidegorri sarea hiri osotik zabaltzen da. Aukera ona Schönbrunn edo Danubiora hurbiltzeko.

AHOLKUAK

  • Metroan kola zaitezkete, esango nuke ez dagoela kontrol askorik, baina hobe ez kolatzea.
  • Hiria bidegorriz beteta dago, eguraldi ona bada, hiria bizikletaz ezagutzea oso aukera ona da.
  • Museoak doan dira 27 (?) urtetik beherakoentzat, baina adina kontrolatzen dute.

BONUS-A

Aitortu behar dut orain kontatuko dudana vienar batek esan gabe zaila dela jakitea, baina ez dudanez uste inoiz masifikatuko denik, kontatuko dizuet. Viena nahiko hiri laua da, ez du begiraleku naturalik, baina badago hiriaren aireko ikuspegia izateko aukera. Hori bai, leku berezia denez, ezin da edonola jantzita joan. Serio ari naiz, oso serio.

Vienako Meliá hotelak 57. pisuan taberna bat du. Hori da hiriko punturik altuena. Terraza itzela du eta horma guztiak kristalezkoak dira. Esan daiteke handik Viena osoa ikus daitekeela eta egun argietan ikusgarria da ilunabarraz terrazatik gozatzea. Hori bai, elegante joan behar da, elegante-elegante. Atean dago idatzita janzkera-kodea, ez esan ez nizuenik abisatu!

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu