Portugal barnealdea: ibai-piszinak eta eski estazioak

Portugal aipatuz gero, Lisboa, Oporto, Algarve eta toallak aipatuko ditugu, normalean horiek baitira ezagun eta turistikoenak. Hala ere, Portugal herrialde txikia izanik ere, sorpresa askoren lurraldea da. Adibidez, ba al zenekiten Portugalen eski estazio bat dagoela? Aurten Portugal barnealdea ezagutzeko aukera izan dugu eta benetan pozik itzuli gara. Sarrera honetan Extremadurako iparraldetik sartu eta Salamancatik atera arte egin genuen ibilbidea jarraitu ahal izango duzue.

Portugalen barrena 2019ko abuztuan egindako ibilbidea

1. Monsanto

Granitoa. Monsanto granitozko tontor baten gainean dago. Errepidetik hurbiltzean, apurka-apurka agertzen da herria mendixka bati itsatsia. Etxeak eta granitozko bola erraldoiak bata bestearen gainean metatzen dira herri honetan eta horrek oso itxura kuriosoa ematen dio.

Monsantoko etxea granitozko bolen artean

Herriko ertzik altuenean gaztelua dago eta hortik eskualde osoa ikusten da. Oso inguru rurala da eta antzematen da bizitza lasaia dela hangoa. Monsanton ere hala da, turistak kalean gora eta behera badabiltza ere. Kaletik herri giroa nabaritzen da.

2. Penamacor

Gidetan aipatzen dute, baina nik ez nizueke gomendatuko. Herriaren goiko aldean erdi aroko harresia eta etxeak daude eta leku atsegina da paseatzeko. Herriaren behealdean, ordea, zerbitzu guztiak aurkituko dituzue eta alde horretatik ez dago txarto, inguruko herri txikietan zerbitzu gutxi baitago.

3. Meimoa

Sarreraren izenburuak aurreratzen duen bezala, Portugal barrualdean ibai-piszina ugari dago. Horietako bat Meimoan hain zuzen ere. Zinez leku atsegina sortu dute ibaiaren inguruan: belar zaindua, gerizpe atseginak, txiringitoa, ur garbia… Ikusten zen, gainera herriko jendea baino ez zegoela han. Siesta egiteko leku hoberik ezin aurkitu.

4. Sortelha

Sortelhan denbora gelditu da. Ez dakit zehazki noiz, baina Erdi Aroko herri hau behin eraiki eta gehiago ez zuten ikutu. Eliza, herri osoa inguratzen duen harresia, etxeak…, harri grisezkoak guztiak, garai baten lekuko isilak dira. Iluntzean ezagutu genuen Sortelha eta ilunabarraren argi gorria itzaltzen ikusi genuen harresien atzetik.

Sortelhako herri zaharra eta harresia

5. Covilhã

Covilhã Beira Interior eskualdeko hiriburua da. 50.000 biztanle inguru ditu eta Serra da Estrelaren magalean eraiki zuten. Egia esan, oso hiri aldapatsua da eta kale batzuetatik ibiltzea zinez nekagarria da. Hiri txikia izanagatik ere, unibertsitatea duenez, nahiko girotsua da eta modako hainbat jatetxe ditu.

Covilhãn geundela haren historia industriala ezagutu ahal izan genuen. Unibertsitatean Museu de Lanificios dago. XVIII. mendetik aurrera, Covilhã Portugalgo ehungintzaren erreferente izan zen XX. mendera arte eta museoan industriaren garapena ikus daiteke.

6. Serra da Estrela

Serra da Estrelan Portugalgo tontorrik altuenak daude eta, sinesteko zaila bada ere, eski estazio bat ere badago. Oso kuriosoa da Covilhãtik hona igotzea. Kale aldapatsu eta kurbaz beterikoetatik gora eginda 1.000 kmtik gorako bidaia egiten dela ematen du. Behean Portugal dago eta goian Suitza. Penhas da Saúde inguruetan estilo alpinoko hainbat hotel daude eskiatzaileen zain. Hala ere, uda bazen ere eta eskiatzailerik ez bazegoen ere, inguruak beteta zeuden: han aurkitu genituen hainbat txirrindulari profesional entrenatzen.

Serra da Estrelatik Zêzere ibaiaren bailaratik jaitsi ginen. Zêzere ibaia zirko glaziar batean jaiotzen da eta glaziareak sortutako bailaratik jaisten da. Inguru berdea da eta Manteigas herrira heldu baino apur bat lehenago Portugalgo basoetatik galtzeko aukera dago Poço do Infernora heltzeko.

Zêzere ibaiaren bailara glaziarra

7. Valhelhas

Valhelhaseko hondartza inguruko lekurik masifikatuena izango da ziurrenik, baina horrek ez du eragiten uraren kalitatean. Bandera urdina du hondartzak (horrek askorik esaten ez badu ere) eta onartu behar dut egundo ez naizela hain ur gardenean bainatu. Udan, gainera, uraren tenperatura zoragarria da, oso freskagarria. Hain zuzen ere, Zêzere ibaiko urak dira eta Serra da Estrelatik zuzenean jaisten dira.

Valhelhaseko hondartza

Hondartza honek zerbitzu guztiak ditu: txiringitoa, kolunpioak, aparkalekua, jateko mahaiak… agian horregatik da hain ezaguna inguruan. Txiringitoko menuan arrakastarik handiena barraskiloek dute. Heldu zein gazte marraskilo bandeja handien inguruan batzen dira eta edozein ordutan jaten dituzte, baita askaritarako ere! Eta txiringitoko egonaldia borobiltzeko zuzeneko musika ere eskaintzen da. Hor entzun genituen Portugaleko eta atzerriko azken 40 urteetako abesti arrakastatsuenak.

8. Guarda

Guarda izan da ziurrenik bidaia honetan ikusi dugun herririk prototipikoena arkitekturaren aldetik. Portugalgo herrietan pentsatzean, harrizko etxeak eta eliza zuriak imajinatzen ditugu eta Guardak biak ditu. Ez da oso herri handia, baina inguruko herri handiena denez, zerbitzu guztiak ditu. Guarda mendixka baten gainean eraiki zuten eta herriaren erdigunean Séa edo katedrala eta plaza daude. Herri zaharra harresiz inguratuta dago eta harrizko etxe txikiak kale estuen aldeetara altxatzen dira.

Guardako Séa eta arte garaikidea plazan

9. Miranda do Douro

Miranda do Douro izango da Portugalgo mugako herrietatik ezagunena Valença do Minhoren ondotik eta ikusten da turismorako prest dagoen herria dela: toalla eta zapata dendak edonon eta hainbat janari denda ere eskura. Hainbat janari denda ere, eskura. Herria, gainera, oso ondo zainduta dago eta atsegina da buelta bat emateko. Hala ere, ezin izan dio globalizazioari ihes egin eta Kukuxumusuren irudiak ere aurkitu genituen toalletan bordatuta. Jakingo al du hau Mikel Urmenetak? Ez zuten copyrighta ordaindu zutelako itxura askorik…

Jan eta edan

Portugal barnealdea zinez merkea da oporretan joateko, bai hotelak eta bai jan edanak oso merkeak dira. Garagardoak leku gehienetan 1 € baino gutxiago balio zuen, Mirandan 3 €ko ardo ederra erosi genuen (espero baino askoz ere hobea!) eta eguerdiko menuak 7 € ingurukoak ziren. Tira, ez genuen Michelin izardun jatetxeetan jan, baina ez pentsa askoz ere aukera gehiagorik zegoenik!

Hala ere, nahiz eta herriko jatetxeetan jan, Portugalgo gastronomiako plater ikonikoenak dastatu ahal izan genituen: bakailua eta oilasko errea. Aurretik aipatutako barraskiloak ez genituen probatu, baina ezin ukatu arrakastatsuak direla. Ondo jaten da Portugalen orokorrean.

Gasolina eta autopistak

Ez dago esan beharrik gasolina Portugalen Espainian baino nabarmen garestiagoa dela, beraz, bete depositoak muga igaro baino lehen! Autopistak ordaintzeko sistemari buruz ere entzungo zenuten. Dagoeneko ez dago ordainsariak ordaintzeko garitarik autopistetan eta dena egiten da telematikoki. Ni bi bidaiatan saiatu naiz Portugalgo estanko batean matrikula erregistratzen, baina ez dut lortu eta portugaldarrak ere ez ditut laguntzeko oso prest ikusi (zergatik ote?). Oraingo honetan internetetik erosi nuen aurretik kargatutako txartel digital bat, baina aitortu behar dut ez dakidala txarteletik dirurik kendu didaten. Egia esan, jaleo bat da, baina ez dadila hau izan Portugalera ez etortzeko arrazoia!

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu